"Onena ematen saiatuko gara, Plateruenean, bihar, betiko ostia txar dosiagaz eta indarragaz"

Anboto 2012ko eka. 16a, 08:35

Elorrioko Iheskide laukoteak ‘... Irabazi arte’ izeneko laugarren diskoa aurkeztuko du zuzenean, bihar, Plateruenean; e-posta bidez erantzun dituzte galderak

Elorrioko Iheskide laukoteak ‘... Irabazi arte’ izeneko laugarren diskoa aurkeztuko du zuzenean, bihar, Plateruenean; e-posta bidez erantzun dituzte galderak.

 

Mauka disketxeagaz kaleratu duzue diskoa. Zelan sortu da aukera hori? \"\"

Laurok berriro elkartuta kontzertu batzuk eskaini genituen joan zen urteko udan, eta kanta berriak grabatzea pentsatu genuen. Bestalde, aspalditik geneukan eztabaida Musikherria herri disketxean betetzen genuen paperaren inguruan. Gure egoera pertsonalak zirela-eta eskaintzen genion dedikazio urria ikusita, Musikherriari ezer gutxi aportatzen geniola ondorioztatu genuen. Horretan genbintzala, taldearen lagun baten bitartez, gurekin biltzeko nahia helarazi zigun Maukak, eta elkarlana abiatzea erabaki genuen.

 

Zelako esperientzia izan da ‘...Irabazi arte’ honen grabazioa?

Usurbilgo (Gipuzkoa) Hi Gain estudioan grabatu dugu, Hatitza Harreguy-rekin. Oso esperientzia aberasgarria eta polita izan da, eta era berean gogorra eta neketsua. Polita eta aberasgarria, estudioan etxean bezala sentitu garelako, izan dugun gertuko tratua eta inplikazioa izugarriak izan dira, eta asko disfrutatu dugu  kantak itxura hartzen joan diren heinean. Asko ikasi dugu, gainera. Gogorra eta neketsua ere izan da, kantei mila buelta eman dizkiegulako. Baina balorazio orokorra, izugarri positiboa da, eta emaitzagaz oso pozik geratu gara.

 

Aurreko lanekin alderatuta zer ezaugarri dauzka laugarren disko honek?

Beste lanekin alderatuta, gehiago landu dugu ...Irabazi arte!, bai musikari zein hitzei dagokienean. Agian kantak denbora tarte txikiagoan burutu ditugu, baina denari eman dizkiogu buelta gehiago. Askotan bota izan dugu edo aldatu letrak... Musikari dagokionez, beharbada irekiagoa da disko hau: ukitu ezberdinak sartu ditugu, beti ere Iheskideren esentzia mantenduz bai letretan eta bai musikalki. Taldearen eboluzioa islatzea baina sustraiak bere lekuan mantentzea izan da helburua: itxurakerietan erori gabe, punk rockaren bitartez, garen moduan agertzea eta pentsatzen duguna azalaratzea.

 

Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ kantaren bertsioa ere bildu duzue disko berrian.

Aspalditik geneukan buruan gure erreferentere baten bertsio bat moldatzea. Eta Euskal Herriko kulturan eta musikagintzan erreferente bat bilatzeko orduan, nor hobe Mikel Laboa baino? Hitzek garrantzia handia izan dute kanta hau aukeratzerakoan. Oso berba potenteak iruditzen zaizkigu. 

 

Zuzenekoek zer garrantzia daukate zuentzat?

Musika talde batentzako momentu gorenak izan daitezke zuzenekoak. Badute diska batek ez duen gertukotasuna. Burututako lana zuzenean aurkeztea eta kantek sentiarazten dizutena aurrean duzun jendearekin elkartrukatzea  izugarria da. Kontzertuetan diska batek eman dezakeen urruntasun sentsazioa apurtu, eta gertutik, diskarekin hain ongi helarazi ezin daitekeen ostia txarra eta bizitasuna helarazi nahi ditugu.

 

Gura beste kontzertu jotzeko aukera izan duzue?

Kontzertuak jotzeko hainbat lekutatik jaso ditugu eskaintzak eta aukera asko izan dugu. Egia da, baita ere, talde moduan izan ditugun gorabeheren ondorioz, bakoitzak izan ditugun ordutegi kontrajarrien ondorioz eta abar, kontzertu horietariko asko ezin izan ditugula eman. Eskerrak eman nahi dizkiegu jotzeko eskaintzak egin dizkigutenei eta kontzertuetan gure ondoan egon dien lagunei.

 

Zer prestatu duzue biharko Platerueneko kontzerturako?

Pentsatu, ez dogu larregi pentsatu. Nerbioak edo izango dira, baina, momentuz entseatu eta entseatu gabiltza. Iheskideon  onena ematen saiatuko gara Plateruenean, bihar, betiko ostia txar dosiagaz eta indarragaz.

 

Zeozer gehitu nahi?

Lanean eta laguntzen izan ditugun iheskideak aipatu gura ditugu: Eneko, Jurgi, Jurdan eta Itsaso preso politikoak,  Koldito, Kasta, Lander, Purutxo, Eka... 

 

 \"\"

“Uste dugu kantak zabaltzeko 
oso tresna interesgarria dela webgunea”

 

Taldearen inguruko askotariko materiala ipini dute www.iheskide.org helbidean: “Uste dugu kantak zabaltzeko oso tresna interesgarria dela webgunea”. Beraien lagun Kastak diseinatu du webgunea, eta besteak beste, Zaldibarko Kredits produktionseko kideekin grabatu zuten Arrano beltzaren hegaldiak bideoa dago ikusgai.  

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!