"Aurten bizitako uneak barruan gordeta geratuko dira betirako"

Anboto 2012ko mai. 17a, 08:55

Jon Ander Crende \'Xapo\' (Elorrio, 31 urte) Errege Kopa eta ligako finaletan aritu da Ordizia Rugby Taldeagaz. Bost urte daramatza taldean

Jon Ander Crende ‘Xapo’ (Elorrio, 31 urte) Errege Kopa eta ligako finaletan aritu da Ordizia Rugby Taldeagaz. Bost urte daramatza taldean.

 \"\"

 

 

Zelan bizi izan duzu final bien harira Ordizian sortu zen giroa? 

Bereziak izan dira. Athletic-egaz bizitakoaren antzekoa izan da, baina beti ere gure errealitatean, Ordizian eta herri mailan. Errugbia inork ez zuelakoan gustuko eta bat-batean denak hari buruz berbetan aritu dira. Eguneko 24 orduetan ez dut izan besterik buruan. Azkenerako apur bat nekagarria ere izan da, baina mundu guztiari gustatzen zaio horrelako uneak bizitzea.

 

Elorrion ere gogorarazi dizute ?

Bai, Elorrion ere bai. Azkenean lagunak hemengoak ditut. Final biak ikustera joan ziren eta pankartak ere egin zituzten.

 

Eta orain, zurrunbiloaren osteko barean zaude? 

Kriston aldea dago. Beste gauza bat da.

 

Ligan, play offetako finalerdietan Gernika kanporatu zenuten.

Aurretik ligan eta Errege Kopan irabazi genien, baina partidu bakarrera beti dago arriskua. Horregatik indartsu irten ginen eta hamabost minutuan abantaila polita hartu genuen. Hortik aurrera apur bat erlaxatu eta aldeari eutsi genion.

 

Valladolideko finalean 27-10 galdu zenuten Quesos Entrepinaresen aurka. 

Partidu txarra irten zitzaigun. Presioagatik edo ez dakit zergatik, ez genuen bat ere jokatu.

 

Hala ere partidua amaitzeko ordu erdiren faltan partidua ia parean zegoen. 

Atsedenaldira joan ginenean horixe esaten genion elkarri, ez genbiltzala ondo, baina partiduan geundela eta bagenituela aukerak. Entrenatzaileak ere garbi esan zigun pilak ipini behar genituela. Zoritxarrez gu baino gehiago izan ziren. Arerioa norbera baino gehiago denean ezin daiteke ezer egin.

 

Ligako txapelduna play off bidez erabaki da lehenengoz. Zer iruditu zaizu sistema hori? 

Nik nahiago dut liga erregularra, onena saritzen duelako. Aurtengo sistemaren bidez, partidu batean galdu dezakezu urte osoko lana. Gainera, denboraldia asko luzatzen da eta azkenerako nekatuta heltzen zara. Dena dela, liga ez dugu fisikoki txarto geundelako galdu, buruak huts egin digulako baino.

 

Apiril amaieran Errege Kopa irabazi zenuten Cetransa El Salvadorren aurka (30-27).

Partidu zoroa izan zen. Atsedenaldira 20-8 galtzen joan ginen. Aldageletan entrenatzaileak errieta handia egin zigun, eta bigarren zatian partiduari buelta ematea lortu genuen.

 

Zelakoak izan ziren partidu osteko ospakizunak?

Egunean bertan ongietorria egin ziguten Ordizian. Kale bazter denak beteta zeuden. Hunkigarria izan zen. Aurten bizitako uneak barruan gordeta geratuko dira betirako.

 

Ordiziako zaleen erantzuna sarritan azpimarratu duzue.

Itzela izan da. Final bietan hantxe egon da herri osoa, gure ondoan animatzen. Ordiziako baserritar batek esan zuen: “Finalera banoa nork zainduko ditu ardiak? Herrian ez da inor geratuko!”. Ez zebilen oso erratuta.

 

Aurten listoia altu ipini duzue. Datorren denboraldira begira zein da helburua?

Liga irabaztea. Hori izango dugu lehentasuna. Urte bian talde berdinaren kontra galdu dugu eta barruan dugun arantza hori kendu nahi dugu.

 

Oskar Astarloak, elkarrizketa batean,  esan zuen Elorrion erretiratzea gustatuko zitzaiola.

Neuri ere bai. Pare bat urtean taldeari ahal denean lagundu, ondo pasatu lagun artean… Polita litzateke.

 

Zein da zure egoera Ordizian? 

Etxeko bat modukoa naiz. Ez dut ez kontraturik eta ez soldatarik. Bidaietako gasolina ordaintzeko ateratzen dut eta justuan. Errugbiak ez du futbolagaz zerikusi handirik. Hala ere, gustura nago eta datorren urtean Ordizian jarraituko dut.

 

Aurten jarraitu duzu Elorrio Rugby Taldearen ibilbidea? 

Oso liga ona egin dute. Jende berria etorri da, Urdin Ugarte tartean, eta igartzen da. Onena emanarazi die denei. Batzuetan eurekin entrenatu izan dut.

 

Elorrion hasi zinen errugbian jokatzen. Zelan sortu zitzaizun Ordiziara joateko aukera?

Elorriotik joanda han zebiltzan Urdin Ugarte eta Oskar Astarloa ere. Entrenatzaileak taldean nahi ninduen eta beste biek animatu egin ninduten. 25 urte nituen orduan eta joatea erabaki nuen. Oso pozik nago pausu hori eman izanaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!