Argazkilaritza artistikoaren bidez gizarteratu gura du egileak bere ikerketa.
Pedro Zarrabeitiak Euskal Herriko hilarriei egindako argazkiak bildu dituzte Elorrioko Iturri kultur etxeko erakusketan. Maiatzaren 19ra arte izango da argazki bilduma hau Elorrion ikusteko aukera.
Euskal etnografia eta artea dira Zarrabeitiaren zaletasunak. “Irudien, sinboloen eta sentimenduen adierazpenak bilatzen”, horretan jardun du Euskal Herriko zazpi lurraldeetan azken urteotan, eta argazkilaritza artistikoaren bitartez gizarteratu gura ditu bere aurkikuntzak.
Euskal hilarrien inguruko ikerlan zorrotza egin du. Batutakoen lagin bat da Elorrion ikusgai dagoena: hileta-errituetatik haratago, datu etnologikoen, historikoen eta artistikoen bilduma da.