Inprobisazio saioan batuko dira Durangaldeko hainbat musikari

Anboto 2012ko api. 23a, 12:30

Pieza klasikoak hartuko dituzte oinarri, Elorrioko Ateneo Jazz jaialdian

Pieza klasikoak hartuko dituzte oinarri, Elorrioko Ateneo Jazz jaialdian.

 

Durangaldeko eta inguruko herrietako musikariak elkarregaz inprobisatzen ipiniko ditu Elorrioko Ateneo Jazz jaialdiak. Horrelako emanaldi baterako areto horrek eskaintzen dituen baldintza ezin hobeak aprobetxatuz, apirilaren 26rako antolatu dute emanaldia, Ateneoan.

 

Askotariko musika-tresna jotzaileek hartuko dute parte jam session horretan. Bateria, baxu, kontrabaxu, gitarra, saxo, piano eta tronboi doinuak izango dira, besteak beste, musika emanaldi horretan entzungai.

 

Jazz musikaren klasikoen estandarrak oinarri hartuta joko dute musikariek. Miles Davis edo Duke Ellington jazzlarien doinuetatik abiatuta, berriak eta ustekabeak sortuko dituzte Ateneoan.

 

Bigarren aldia da aurten jam session bat egingo dutena Elorrion . Musikariak zein entzuleak ere oso gustora egon ziren lehenengo emanaldian, eta handik bi hilabetera antolatu duten bigarren saio hau. Lehenengoaren arrakastak bultzatu ditu datorren eguenekoa prestatzera; ostera ere inprobisazioa antolatzera.

 

Hamabost musikari inguruk jardun zuten emanaldi hartan, Durango, Elorrio, Bergara eta Arrasatekoak.

 

Baliabide tekniko oso murritzekin, modu oso soilean jardungo dute apirilaren 26ko emanaldian. Hain zuzen, soiltasun horri eta entzuleen jarrerari esker, otsaileko emanaldian giro oso berezia sortu zela kontatu dute antolatzaileek: “Isiltasun eta errespetu handia nabaritu genuen”, adierazi du jam saioan musikari bezala ere parte hartzen duen antolatzaileak, Karlos Gomezek. 

 

Aurrerantzean ere jarraitu gura dute jam session-ak antolatzen Elorrioko Ateneoan. Zein maiztasunegaz egingo duten ez dakitela adierazi dute antolatzaileek, baina inprobisazioaz gozatzen jarraitzeko asmoa dutela ziurtatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!