Espainiako errekor berria ezarri du Isasik pistan

Anboto 2012ko api. 12a, 10:42

Ziortza Isasi elorriarrak abiadura modalitatean lortu du marka berria gazteetan; guztira lau domina irabazi ditu Madrilgo belodromoan

\"\"Ziortza Isasi elorriarrak abiadura modalitatean lortu du marka berria gazteetan; guztira lau domina irabazi ditu Madrilgo belodromoan.

 

Mailarik maila, abiadura probetan parekorik ez duela erakutsi du Ziortza Isasik Galapagargo belodromoan (Madril, Espainia), gazteen mailako Espainiako txapelketan. Kadete mailan oraindik berea da Estatuko markarik onena eta, joan zen asteburuaz geroztik, gazteetako errekorraren jabe ere bada.

 

Proban kasualitatez parte hartu zuela azaldu du hamasei urteko elorriarrak: “Taldekako modalitatean parte hartu gura genuen, baina Ane Iriarte eta biok bakarrik geundenez, ezin izan genuen talderik osatu. Ondorioz, abiaduran probatzea pentsatu genuen eta espero baino hobeto irten zitzaigun. Egia esanda, ez genuen entrenamendu berezirik egin proba hori prestatzeko”. Abiadurako proba konbinatu horretan Isasik itzuli bi eman zizkion belodromoari eta Iriartek bat. Denbora bien batuketak urrezko domina eman zien. Isasik bere itzuli biak 38.189an osatu zituen, aurreko errekorra baino hiru ehunen gutxiagotan.

 

Asteburua beste hiru dominekin borobildu zuen. Banakako jazarpenean, gehien gustatzen zaionean, zilarra jantzi zuen. Puntuaketan lortutako zilarra izan zen nekagarriena: 80 itzuliko proban, sprint guztiak (zortzi) aurreneko postuan amaitu zituen eta, gainera, aurkariei itzuli bat ere irabazi zien. Azkenik, scratch modalitatean, azkenengo sprintaren ondoren geratu zen hirugarren, brontzea eskuratuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!