"Inoiz ez bezala gozatzen ari naiz orain pilotan"

Anboto 2012ko mar. 16a, 08:10

Bigarren Mailako txapelketako ligaxka luzea asteburuan amaitu du Iñaki Larrinagak, eta dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dago.

Bigarren Mailako txapelketako ligaxka luzea asteburuan amaitu du Iñaki Larrinagak, eta dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dago.

Goi mailako Promozio Txapelketa burutzen ari dira Iñaki Larrinaga (Elorrio, 23 urte) eta Mikel Olazabal nafarra. Ligaxka luzea amaitzeko asteburuko  jardunaldiaren faltan, finalerdietarako sailkatuta daude dagoeneko. Ez zuten espero hain goian ibiltzerik, helburuen artean lau onenen ligaxkara sailkatzea zuten arren. “Baina, behin hona helduta eta txapelketa zelan doan ikusita, gorago joaten saiatuko gara”, onartu du Larrinagak.

Olazabalegaz oso gustura diharduela dio: “Aurretik ere askotan jokatu dugu elkarrekin, baina ez hainbesteko maiztasunagaz; oso hartueman ona sortu dugu. Badakigu zeintzuk diren gure ahulguneak eta elkarlanean egiten diegu aurre. Horrek asko balio du”.

Bere burua ere sasoi betean ikusten du: “Fisikoki eta jokoz inoizko ondoen nago. Asko prestatu dut txapelketa hau. Eskuetatik hobeto egon naiteke, baina ez dut kexarik”. Egiten duena egiten duela, aurtengoa bere binakako txapelketarik onena izango da. Lehenegoz parte hartu zuenean, “berde xamar” zegoela onartu du; iaz ezin izan zuen bererik eman eskuetako minagatik, eta aurten azkeneraino heltzeko ilusioz daude.

Orain arte, gorabeherak

Orain arte profesionaletan daramatzan urte biak “gorabeheratsuak” izan dira, baina une txarretan ere ikasi egiten da eta , dioenez, “orain badakit profesionaletan jardutea zer den”. Gakoa “gozatzean” ei dago: “Hasieran urduri eta pilotari emateko beldurrez ibiltzen nintzen. Orain, beste konfiantza bategaz nabil eta hori igarri egiten da. Inoiz ez bezala gozatzen ari naiz pilotan”. Horregatik, ibilbide gorabeheratsuko goiko aldean dagoen honetan, hantxe geratzeko asmoa dauka.

Beharbada, Elorrion, zaleen aurrean izan zuen debut gogoangarriak sortutako ikusminak orduko errealitatea gainditu zuen: “Debut handia izan zen eta badakit sorpresa eman nuela. Horrek gerora ikusmina goregi ipini zuela? Ez dakit. Afizionatuetatik jarraitu ninduenak bazekien zer eman nezakeen”.

Pablo Berasaluze berriztarrak ere sailkatzeko aukera handiak ditu, Lehen Mailako txapelketan: “Nire ustez lau onenen artean sailkatuko dira eta zorte apur bategaz, batek daki!”. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!