Berradiskidetzea sustatu gura duen hitzarmena sinatu dute

Anboto 2012ko ots. 15a, 14:23

Udalak eta Arantzazu Baketik Fundazioak jarduera-programa bat oinarri duen lankidetza-hitzarmena adostu dute

Udalak eta Arantzazu Baketik Fundazioak jarduera-programa bat oinarri duen lankidetza-hitzarmena adostu dute

 

Arantzazu Baketik Fundazioagaz lankidetza-hitzarmena sinatu du udalak, Elorrion elkarbizitza eta berradiskidetze kultura sustatzeko. Alor horietan “lan asko” egiteko dagoela dio Ana Otadui alkateak, eta borondatea badutela azpimarratu du: “zinegotzi naizenetik, eta orain alkate, beti izan naiz elkarrizketaren defendatzaile sutsua; gaurkoa egun pozgarria da”. Gaineratu du, beharrezkoa dela “batzen gaituena konpartitu, eta desberdintasunak errespetatzea”. Bere ustez, “Elorrion azken urteetan izandako haustura eta zatiketak konpondu egin behar dira”.

 

Helburuen artean, “bakearen egonkortzea” bilatu gura duen jarduera-programa bat zehaztu dute bi erakundeek. Eratutako ekintzetan aktiboki parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

 


Programa eta irizpideak
Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendariak testuingurua aipatu du: “Gure herrian azken hilabeteetan aldaketa historiko bat eman da, eta aldaketa hori sendotu egin behar da”. Bide horretan, “udaletatik egin daitekeen lana garrantzitsua da”. Giza eskubideak bultzatzea edota biktimekiko elkartasuna dituzte irizpide, esaterako. Gainera, “bizikidetzari dagozkion jarrera, lengoaia eta erabakiak humanizatzea” ere gura dute.

 

Lauhilekotan banatu dute programa, lehenengoa herrian aurkezteko aprobetxatuz. Bigarrena formaziorako izango da; hirugarrenean ikastetxeetan ibiliko dira foro zabal bat egiteaz gainera; urte amaierako ebaluazioagaz etorkizunerako proposamen bat landuko dute.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!