Lurralde menditsuren batean bizitzea desiratu eta unibertsoak Elorriora ekarri duela dio, hain gogoko duen Udalatxen magalera. Ez du kasualitatean batere sinesten yoga irakasten duen venezuelar honek. Bizitza kuriosoa izan duela dio, liburu bat idazteko modukoa; hauxe da bere istorioaren haria.
Hamar urte badira Elorriora bizitzera etorri zinenetik.
Elorrioko mutil bategaz maitemindu nintzen, eta guztia uztea erabaki nuen. Hasieran bera izan zen Venezuelara joatekoa, baina Chavezegaz arazoa sortu zen sasoia zen, eta atzerritar batzuk ere hil zituzten. Beldurra eman zidan berari zer edo zer gertatu ahal izateak, eta hona etortzeko esan zidan. Ez nuen birritan pentsatu.
Eta integratzen hasi zinen...
San Agustinetik paseatzen nenbilela, Venezuelan misiolari ibilitako Trinigaz egin nuen topo. Unibertsitatean soziologia eta filosofia ikasten nituen, baina yoga egiten nuela ere aipatu nion. Azken honetan taldeak osatzen animatu eta lagundu ninduen, etxean geratuz gero ez nintzela integratuko ohartaraziz. Eskolako Bizenegaz batu nintzen berari eskerrak.
Euskara ikasten ere hasi zinen.
Heldu eta segituan eman nuen izena AEKn. Interesa piztu zidan. Hemen euskaraz berba egiten dute, eta ni ere behartuta sentitu nintzen; nahiz eta eurek ere gazteleraz berba egin, ez nuen nire hizkuntza inposatu gura komunikatzerakoan.
Zelan hartu zaituzte?
Oso ondo. Asko lagundu naute eta lagun onak dauzkat, Bizen edo Isa Novoa, kasurako. Azken hori ama lakoa da niretzat. Inoiz ez dut arazorik eduki.
Noiz eta zelan murgildu zinen yoga munduan?
Bederatzi urtegaz hasi nintzen. Txikitatik izan dut besteei laguntzeko beharra, eta elizara asko joaten nintzen. Abadeari esan nion moja izan gura nuela, eta artean txikia nintzela erantzun zidan. Ez nintzen gehiago bueltatu. Behin, amagaz Maracaibon República plazan nengoela, indiarrak zeuden euren herriko jaiegun bat ospatzen. Intsentsuaren usainak erakarri eta eurengana hurreratu nintzen. Batek esan zidan domekatan batzartzen zirela, eta parte hartzera gonbidatu ninduen. Denbora batera, maisu espirituala etorri zen behin eta botoak egitea eskatu nion. Baiezkoa eman eta tenplura joan nintzen.
Kontaiguzu hango bizimoduaren berri.
Emakume bakarra nintzen, eta tenplutik aparte egiten nuen lo. Goizeko 04:00etan esnatzen ginen. Mantrakabestu, ariketak egin, gosaldu eta eskolara joaten nintzen. Dendaren ardura eman zidaten, gainera. Han ikasi nuen yoga egiten, meditatzen, masajeak ematen eta daroadan bizitza eroaten. Gero neska gehiago sartu ziren.
Filosofia bat barneratu zenuen, beraz....
Filosofia polita, gainera. Zoriona guztiaren aurretik jartzea esan gura du. Hemen, hiltzera gatozela eta bizitzeko hiltzen garela esaten dut nik. Hiltze hori ametsa lakoa da; hala sentitzen dut. Izaera hau beste bizitza batzuetatik datorrela uste dut.
Beste bizitza batzuk?
Txikitatik eduki dut izaera hau. 20:00ak heltzean lurrean etzan eta zerura begiratzen nuen. Egunero liluratzen nintzen zeruaren formekin. Nire izebak zoratuta nengoela zioen. Ilargi betea zegoenean, hildakoen arimak handik irtetzen zirela nioen.
Zelakoak dira yoga saioak?
Ez dut inor zuzentzen, eta ez dut ezer eginda ematen. Gauzek natural irten behar dute. Nik eskumako eskua altxatzea eskatu eta zuk ezkerrekoa altxatzen baduzu, ez da ezer gertatzen; zure gorputzak eskatzen duelako da. Konfiantza izan eta entzuten ikastea da garrantzitsua. Inork inori entzuten ez dion sasoian bizi gara. Antsietatea eta depresioa ez nituen ezagutzen hona etorri arte. “Triste zaude eta ez dakizu zergatik?”; ez nuen ulertzen. Euren azalean sartuta, ulertu dezaket orain.