Idazlea eta musikaria, sorkuntzan beti alor ezezagunak deskubritzea helburu duena da Xabier Montoia gasteiztarra. \'Beti disko bera egitea da, sorkuntzari dagokionez, okerrena\', bere ustez, eta horrela erakusten du bere ibilbideak: M-ak taldean punka eta elektronika ere jorratu zituen, eta akustikoan dator Elorriora, gaur.
Zer eskainiko diozue zapatuan Arriolara gerturatzen denari?
Egingo duguna disko berriko hamar kantak eskaintzea izango da, batetik, eta lehenagoko kanta batzuk ere bai, piano, txelo eta gitarra espainolagaz jotzeko moldaketa berriekin.
Orain arte zugaz lotu duguna baino formatu akustikoagaz zatoz Elorriora.
Hori da. Guztiz akustikoa da, hemen ez dago batere elektrizitaterik: ez dago baxurik, ez dago bateriarik. Eskema rockero klasikotik kanpora dago erabat.
Maite Arroitajauregi eta Ibon Rodriguezegaz diharduzu. Zelan sortu da elkarlan hori?
Ibon izan da Maite eta bion arteko lotura: urte asko dira laneko kafe makinan Ibon ezagutu nuela... Ibonek ezagutzen zuen Maite, bere bitartez egin genuen kontaktua, eta hasi ginen hiruok.
Kantak prest zeneuzkala batu ziren eurak proiektura?
Bai, gehientxuenak prest zeudela batu zitzaizkidan, eta hasi ginen konponketak prestatzen, eta joan den udan egin genuen grabazioa.
Zuzenekoetarako zer asmo? Emanaldi asko lotu dituzue?
Gure asmoa jendaurrean ahalik eta gehien jotzea da; hori da gogokoen duguna. Diskoa bera ere horretarako egin dugu. Hori da egiten diharduguna, eta horretan gura genuke jarraitu. Asteburu honetan, esaterako, Azkoitian eta Elorrion joko dugu.
Diskoen grabazioekin sekula ez duzula gozatu irakurri dizugu. Oraingo hau zelan joan da?
Gozatu dudanik ez dizuet esango, baina, behintzat, sufritu ez dut egin, eta asko da hori. Aldaketa handia izan da aurreko diskoagaz alderatuta. Inoiz baino errazago joan da estudioko lan guztia.
Zer berezitasun daukate disko honetako hamar kantek?
Ez dira kanta rockeroak, beste era batekoak dira: klasikoagoak, nolabait. Inportantzia guztia kantari berari ematea nahi nuen; berbei eta musikari. Hori izan da sortzerakoan gogoan izan dudana.
Badiharduzu datorren diskorako ideiarik lantzen?
Literaturarako ideiak darabilzkit orain. Etorkizunean beste diskorik egongo den ez dakit, baina balego, honengandik desberdina litzatekeela bai.
“Kanta asko egin behar izan ditut nahi nuen
Estudioan gauzak gehienak presiopean egiten diren arren, giro oso lasaia lortu zuten Montoiaren mundu miresgarria diskoaren grabazioan, musikari eta idazle gasteiztarrak kontatu digunez: “Oso modu sinplean egin genuen, eta oso erlaxatuta egon ginen”, azaldu digu.
Kontzertuetan ere inoizko sentsazio onenak ei dauzka Montoiak: biluztasun horretan akatsak ere asko igartzen diren arren eta arrisku puntu bat ere badaukan arren, oso gustora dihardu; “Saio bakoitza hil ala bizikoa delako”. Letren ahoskera lako kontuekin bereziki saiatzen da: “Inportantea da hitz bakoitza ondo ulertzea”. Oso irekiak dira Xabier Montoiaren disko berriko kanten letrak: entzulearen interpretaziora oso zabalik geratzen direnak. “Ez naiz sermoilari”, dio: “Ez diot inori nondik jo esango, norberak ikusi behar baitu bere bidea”. Ironikoa da diskoaren Montoiaren mundu miresgarria izenburua, baina badauka azalpenik: diskoa amaitu zuenean hau azkena izango zela oso seguru zegoela azaldu digu musikariak –nahiz eta orain ez duen hain argi ikusten–, eta M–ak-ekin grabatu zuen lehenengo diskoa MMM izan zela. “Zirkulua ixteko” modu bezala pentsatu zuen, azaldu digunez, izenburuko ‘ M’-en joko hori. Nahita egin barik, kanta guztietan “mundua” hitza agertzen zela ere ohartu zelako ere izendatu omen zuen diskoa horrela. |