Ohorezko mailako lehen itzulia amaitzear dagoenean, Elorriok etxetik kanpora irabazi barik jarraitzen du. Orain arte Eleizaldetik kanpora jokatutako zortzi partidetatik hiru galdu eta bost berdindu dituzte. Gaur jokatuko dute, 16:00etan, etxean Galdakanoren kontra.
Elorrio golik gutxien sartu duen taldea da Indautxugaz batera, eta baita gutxien jaso duen bigarren taldea ere; 11 gol alde eta 11 kontra. Etxetik kanpora lortutako bost berdinketatik lau zeronako berdinketagaz amaitu dituzte; lau partida horiek errenkadan jokatu zituzten Indautxu, Santurtzi, Erandio eta San Pedroren aurka. Azken partida bietan, ordea, bolada hori eten da, eta galdu egin dute Gurutzetan eta Somorrostron. Etxetik kanpoko partidetako irakurketarik negatiboena sartutako gol kopuruan dago; bi gol sartu dituzte zortzi lehiatan.