Hiru talde sailkatuko dira, eta hiru lehiaren faltan 10 puntuko aldea dute Rivagorekiko.
Elorrio Rugby Taldea-Parra Taberna euskal ligako multzoko lider dago lehenengo fasea amaitzeko hiru jardunaldiren faltan. Taldearen orain arteko ibilbideak ez du orbanik; jokatutako bost partidak irabazi dituzte, eta horietako lautan bonus puntua batu dute lau entsegutik gora egitearren.
Hori guztia lortzeko errezetak, gainera, osagai sinple baina eraginkorrak ditu, Urdin Ugarte entrenatzailearen esanetan: “Konpromisoa eta astetik astera norbere maila hobetzeko prestutasuna” . Horri guztiari, entrenatzaileak ezarri duen disziplina gehitu behar zaio; giro ona mantenduz, baina exijitu behar denean exijituz, taldeari ahal izan duenik eta zukurik gehien ateratzeko.
Elorriok igoera fasea jokatuko du deskalabrorik ezean, eta Ugartek une hori heltzeko “desiatzen” dagoela onartu du: “Orduan ikusiko dugu taldearen benetako maila. Era berean, gure hutsuneak zuzentzeko ere balioko digu. Mota horretako partidak pilatzea inportantea da esperientzia hartzeko, eta une klabeetan zelan jokatu behar den ikasteko”.
Bitartean, zapatu honetan, 16:00etan, Independiente B taldea hartuko dute etxean. Ondoren, lehenengo fasea amaitu bitartean geratuko zaizkien neurketa biak sailkapenean orpoz orpo dituzten Universidad Bilbao eta R.C. Rioja taldeen kontrakoak izango dira. Beraz, sailkapena eskura duten arren, elorriarrek, badaezpada, ondo egingo lukete hurrengo faserako txartela asteburu honetan etxean segurtatuko balute.