Azken 4 urteotan, Madril, Brasil eta Londresen ibili dira Namek Planet-ekoak. Fisikoki aldenduta egon arren baina, talde legez jarraitu dute. Elorrioko Ateneoan aurkeztuko dute, azaroaren 11n, Paradisua diskoa
Disko honen aurretik beste grabaziorik egin duzue?
Mañariko lehiaketa irabazita, maketa grabatu genuen Iditu Recordsen. Grabazio hura egin genuenean, ez genekien ziur zer gura genuen, eta nahiz eta momentu hartan pozik egon, gaur egun, grabazio hura apur bat ukatu egiten dugu.
Zerk batzen eta bereizten ditu kantak?
Ez dira maketakoak bezain homogeneoak: estilo askori begira egin ditugu. Maketan denek zuten rock and roll arinaren puntua, eta orain, beharbada, puntu hori apur bat alde batera utzi eta abesti metaleroagoak edo lasaixeagoak egin ditugu. Uste dugu emaitza entzun eta gero, jendeak apreziatuko dituela aldaketa txiki horiek, baina Namek Planeten esentziak –esentziarik izanez, gero– jarraitzen du.
Non eta noiz egin duzue ‘Paradisua’ lehenengo disko honen grabazioa?
Ondarruko Santos Estudioan grabatu genuen, uztailean eta irailean, diskoa. Igor taldekideak bertan egiten du lan, eta gozamena izan da estudioan gure musika egitem lokalean legez aritu ahal izatea.
Zelako sentsazioagaz geratu zarete emaitza entzunda?
Pozik geratu gara emaitzagaz. Guztiz autoproduzitutako lana izan da gurea: musika grabatzetik hasi eta inprentara heldu arte. Horrek lan gehiago eskatzen dizu, eta buruhauste gehiago ekarri ere bai, baina emaitza ikusitakoan harro sentitzen zara.
Zelan funtzionatzen duzue kantak sortzeko? Non batzen zarete entseguetarako?
Egia esanda, disko honetarako kantak egiteko modua ez da oso ohikoa izan. Elorrioko lokal publikoetan batzen gara, eta normalean Jokinek eta Iñakik egiten dituzte kanten oinarriak. Gero, denbora daukagunean laurok elkartzen saiatzen gara, eta biek eginiko oinarri hori osatzen joaten gara. Azken bi urte hauetan izan dugun egoeraren aurrean, Igorrek mezu elektronikoz bidalitako abestiak ere ikasi izan ditu.
Diskoa aurkezteko: Elorrio. Berezia da zuentzat lehenengo diskoa Ateneoko oholtzan jota aurkeztea?
Laurok lehen aldiz jo genuen kontzertua Ateneaon izan zen, Surfin Kaosekin batera. Aspaldi izan zen hori, baina leku berezia da guretzat. Gainera, oso leku polita da kontzertuak egiteko: txikia, erosoa, beroa,… Kontzertu on bat emateko egon daitekeen lekurik onenetarikoa da.
“Gaur egun musika mundua krisian dagoela-eta inork ez lukeela gure aldeko apustua egingo kontuan hartuta”, diote Elorrioko musikari gazteek, “guk geuk zabaltzea erabaki dogu”. Euren lehenengo diskoko hamaika kantak euskarri fisikoan bakarrik ez, Spotify, Groovesharken eta Itunesen ere ipini dute etzungai, eta gutxi barru deskargatzeko aukera ere eskainiko dute Facebook-en eta Myspace-an.
Diskoaren Paradisua izenburuaren eta azaleko irudiaren arteko kontrastea bilatu dute: “Instituzioetatik dena polit-polit erakusten digute, baina errealitatea Euskal Herriko gazteen %50 langabezian dagoela da; edo Libian diktadore bat kendu dutela diote, eta jadanik atera direla petrolioagaz zer egingo duten esaten duten lehen informazioak”, azaldu digute, “eta hori guztia Afrika eta ia mundu erdia gosez hiltzen den bitartean”.
Orain hiru urte Mañariko III. Makera Lehiaketa irabazi zuen Namek Planet taldeak, eta ordutik bidaiatzeari zein kantak sortzeari ez diote utzi: disko honetako zenbait Eskozian edo Amsterdameko parke batean sorturikoak dira. |