"Oso inpultsiboa izan da kantak sortzeko modua"

Anboto 2011ko urr. 30a, 09:09

Antton abeslariagaz eta Ramiro bateria-jotzaileagaz batu gara asteon. Lander, Txaber eta Mikel taldekideekin batera Plateruenean aurkeztuko duten \'Gorantza erori\' proiektuari buruz jardun dute

Antton abeslariagaz eta Ramiro bateria-jotzaileagaz batu gara asteon. Lander, Txaber eta Mikel taldekideekin \"\"batera Plateruenean aurkeztuko duten ‘Gorantza erori’ proiektuari buruz jardun dute.

 

Aurretik, urteetan musika arloan jardundakoak batu zarete proiektu honetan. Noiz eta zelan batu zineten?

Antton: Lor, Malo edo Edan taldeetaen ibilitakoak gara. Nahiko gura barik sortu zen proiektua, iaz. Lander eta Antton aspalditik ibilitakoak gara elkarrekin kantuak atontzen. Orain urte bi, Abadiñoko Gaztetxearentzat Azken akelarreraino kanta sortzeko elkartu ginen Ramiro eta Antton. Taldekide guztiok proiektu honetan ipinita daukagu orain arreta osoa.

 

Aurretik egin izan duzuenagaz ez dauka, baina, zerikusirik...

Orain artekoagaz ez dauka zerikusirik; sorpresa gehien, beharbada, Anttonen jarraitzaileek hartuko dute. Bere izena darama, baina beste gauza bat da. Oso pozik gaude diskoan lortu dugun soinuagaz, eta zuzenean ere oso indartsuak dira kantak. Oso zuzenak izango dira kontzertuak.

 

Musikaren mundutik aldenduta egon zara azkenaldian?

Antton: Sentsazio hori eman dezake; denboraldi batean kanpoan ibili naiz, eta baliteke azken aldian isilago aritu izana, baina beti jarraitu dut musikagaz lotuta.
 

Talde moduan diharduzue, beraz, asteroko entseguak eginez eta abar...

Antton: Bai, sarritan elkartzen gara entseguetarako, gainera. Antton izena daraman proiektua izan arren, talde moduan funtzionatzen dugu; talde soinua dauka musikak, eta izenak pertsonifikatzera eraman gaitzakeen arren, talde izaera osoa daukagu.

 

Zergatik alboratu duzu bakarlari moduan jardutea? Hautu kontzientea izan da?

Antton: Parte batean bada kontzientea. Hainbat arlotan, bakarrik jardutea baino askoz gustukoagoa dut talde-lana. Ekarpen handia egiten du taldeak: asko ikasten dugu elkarrengandik, eta momentu onak ere askoz gehiago bizi dituzu. Taldearen soinuak askoz gehiago betetzen nau.

 

Kantak sortzen diren sasoia ere gehiago disfrutatzen da taldean?

Askoz betegarriagoa da, bai. Askotan zuk daramazun ideia asko aldatzen da lokalean; sarritan, ia amaituta zegoela uste zenuen kanta bati buelta osoa ematen diozu taldekideekin landu eta gero.

 

Zelakoa izan da sormen prozesua?

Oso inpultsiboa izan da: ia konturatu barik joan ziren kantetarako ideiak sortzen. 

 

Zelan sortzen dituzue kantak? Denok elkarrekin egiten duzue?

Ramiro: Lokalera eramaten du Anttonek oinarria. Ondoren, horren gainean lantzen du Landerregaz kantaren egitura, eta gerotaldekide guztien artean osatzen dugu.

 

Udatik hona sortu duzue guztia?

Uda aurretxoan sorturiko kantak ontzen jardun dugu udan, eta grabazioari ekin diogu uda eta gero. Grabazioa eta grabazio ondorengoak amaituta, zuzenekoak prestatzen dihardugu orain, azken aldian.

 

Non eta zelan egin duzue grabazioa?

Ondarroako Santos Records estudioetan egin dugu. Oso grabazio erosoa izan zen; teknikaria aspaldiko laguna dugu, eta etxeko giroan egon ginen.

 

Kolaboratzailerik eduki duzue?

Aiora Renteriak (Zea Mays) abesten du Ohe hutsegiak  kantan. Oso egun polita igaro genuen beragaz. Kanta egin genuenean, zera pentsatu genuen: “Ze ondo joango litzatekeen hemen Aioraren ahotsa”, eta prestutasun osoz hartuz zuen proposamena. Hartu arnasa kantako letra Sustrai Colinak idatzi du, eta beste kanta bat Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Endika Zarrabeitiaren bertso batzuetan dago oinarrituta. 

 

Gorantz erortzea: zortea lagun, zutunik jaustea
 legez ulertuta

Baga-Biga disketxeagaz, Zabaltzen-en bitartez egingo dute Anttonek eta taldeak Gorantz erori diskoaren banaketa. Horrez gainera, baina, hasieratik eduki dute pentsatuta diskoa internetez ere eskaintzea, doan. Sare sozialak ere asko erabiliko dituzte  musika zabaltzeko, diotenez.

\"\"Gorantz erori ipini diote izenburua diskoari. “Kanta guztiak bilduko zituen hitz batzuk bilatzen aritu ginen, eta horra ailegatu ginen”, azaldu digu Anttonek. “Batetik, izenburuaren esanahi literalari begiratuta, gorantz erortzea zutunik jaustea moduan ulertzen dugu: zortea edukitzea. Konziente gara, hau dena zelan sortu den ikusita, zortedun garela. Bestetik, gorantz erortzearena, gauzak ulertzeko modu bat ere iruditzen zaigu: jausi eta berriro altxatuta ikasten dela bizitzan gehien”. Kontraesan puntu bat dauka, Antton taldeko abeslariak eta Ramiro bateria-jotzaileak onartzen dutenez, izenburuko esaldiak, “baina kontraesana ere bagara”, diote.

Izenburuaren zergatia edo azalpena entzun eta diskoak mezu baikorra helarazten duen galdetuta, baietz dio Anttonek: “Kanta batzuek hasieran iluntasun puntu bat daukaten arren, argitasunez amaitzen dira”.

Gitarrak, baxua, perkusioa eta pianoa eta sintetizadoreak uztartzen dituzte taldean: “Beste soinu batzuk erabili gura izan ditugu, eta gauza berria izan da taldean pianoa barneratzea”, azaldu digu Ramirok: “Kantei indar handia ematea lortu dugu”.
Ibon Urizar elorriarrak egindakoa da diskoaren diseinua eta azaleko irudia, eta oso pozik daudela kontatu digute; diskoaren izaeragaz bat ei dator azala ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!