‘Grabatutik zinemara 1850-1950’ erakusketa zabaldu dute, gaur, Iturri kultur etxean. Elorrioko Udalaren babesagaz ipini dute ikusgai grabatuagaz, argazkigintzagaz eta zinemagaz lotuta Luis Madinaren bilduma
Zerk bultzatu zintuen irudiari buruzko bilduma hau osatzera?
Argazkigintzara zaletuta, horren aurretik zer ote zegoen hasi nintzen neure buruari galdezka, eta grabatuaren mundura gerturatu nintzen. Ondoren, gaian sakondu ahala, interes berriak sortzen zaizkizu; zootropo bat erosten duzu, gero estoskopio bat... Zabaldu eta zabaldu joan da bilduma, puntu honetara ailegatu arte.
Oso gazterik ekin zenion irudiagaz lotutako munduari buruzko informazioa batzeari?
Hogei urtegaz hasi nintzen argazkiak egiten; gutxi egiten genituen, baina, oso garestia zelako. Urteek aurrera egin ahala gehitzen joan zait argazkigintzagazko zaletasuna eta ilusioa. Behin jubilatuta, bidaiatzeko, argazkiak egiteko eta ikertzeko denbora gehiago eduki dut. Emaztea nire konplizea da, gainera, eta zortea da hori.
Afizioa konpartitzen duzue?
Bai. Horrela ez balitz, ezinezkoa litzateke honetan jardutea; Normandiako herri batean aurkitu genuen liburua topatzeko, esaterako, berak bilatu zuen liburudenda, berak zekien ordutegia... Berak bultzatu ninduen.
Helburu didaktiko oso argiagaz antolatu duzu erakusketa.
Erakusketaren daukagun helburu nagusia irudiaren historiari buruz modu didaktikoan jardutea da. Elorrioko ikastetxeetako hirurehun ikasletik gora etorriko dira, eta Lorea nire alabak gidatuko ditu eurentzako bisitak. Arratsaldero, 16:30etik 20:00etara, neu egongo naiz erakusketa zaintzen.
Gerra Karlista islatzen duten grabatuak dira erakusketako alerik zaharrenak.
Ilustratutako argitalpenen boom-a gertatu zen XIX. mendean: trena eta irudi baten serieak egin ahal izateko teknika garatu ziren garai hartan. Hogeita hamazortzi grabatu daude erakusketan. Ehun erakutsi nitzakeen, baina gertuko paisaiak erakusten dituztelako aukeratu ditut hauek. Gerra erreportajeak dira grabatuok, eta sasoi hartan jende dirudunaren eskura zeuden bakarrik.
Baliabide eta teknikok gizarte osora zelan joan ziren zabaltzen islatzen da erakusketan.
XV. mendean margolariek erabiltzen zuten kamera ilunaren kasua da adibide argia: kamera horretako irudia kanpoaldera proiektatzea bururatu zitzaion norbaiti, eta masa proiekzioak etorri ziren gero. Lumierek lehenengo pelikula proiektatu zuen neguan, hamalau mila “kamera magiko” zeuden Frantzian.
Bildumako zein objektu edo ale baloratzen duzu gehien?
Bi liburu aurkitzeak egin zidan ilusiorik gehien; Gustave Doré-ren España eta Viaje al país de los fueros. Oso garestiak dira, eta prezio onargarrian topatu arte ez nituen erosi. Baina, bildumako gauza guztiak lortzeak egiten dizu ilusioa, aurretiko lan baten emaitza direlako, besteak beste; gauzak irakurri dituzu, ikertu egin duzu... Bilatu eta aurkitzea beti da betegarria.
Zelan dokumentatzen zara?
Liburuak, liburuak eta liburuak irakurriz, eta azken urteotan internet erabiliz ere bai. Gaur egun, XIX. mendeko liburuak sarean dauzkagu irakurgai, eta gure eskualdeko herriei buruzko erreferentziak topatu ditzakegu, esaterako, horietako hainbatetan.
Aitaren 1935eko kameragaz egin zituen lehenengo argazkiak
Betidanik jardun izan du Luis Madinak argazkiak biltzen; Elorrioko argazkiak batzen, bereziki. Horrela, Elorrioko historia fotografikoari buruzko liburua kaleratu zuen 2007an, lagun bategaz: lagunaren testua eta Elorrioko 300 argazki eskaini zituzten liburu hartan. Oso gaztetandik bizi da Madina irudiaren munduak harrapatuta. Urrian Iturri kultur etxean ikusgai izango den erakusketakoak lako aleak erostea “inbertsio handia” ote den galdetu, “erretzen ez duen edonorkk egin dezake hau” esan digu barrez: bestelako biziorik ez duenaren aisialdiko gastua omen da.
Argazkiak egiten, irudiaren gaineko bilduma osatzen, jarraituko du Madinak; zigarroagaz legez, esan digu, hasiz gero gaitza da uztea: “Honek ez du amaierarik; utziko banu, ostrazismoan sartuko nintzateke”. Ezelako estutasunik barik, soseguz, zaletasuna gozatuz, eta prisa barik baina gelditu barik jarraituko du.
Besteak beste, Frantzian egiten dituztenak lako herrietako azokak baliatzen ditu argazkizale elorriarrak erakusketa honetakoak lako makina eta liburuak eskuratzeko: emazteagaz bidaiatzen du, autokarabanan.
Urtean argazki-film bat botatzen zuela bete aitak kontatu digu Madinak; eta 1935eko aitaren kamera haregaz egin zituela lehenengo argazkiak. |