Agustin Alkortak dimisioa aurkeztuta, Angel Diaz da behin-behineko Elorrioko entrenatzailea; gaur, Bermeon hasiko dute denboraldia
Hiru urtetan beste hainbeste igoera lortuta, Elorriok futbol denboraldi historikoari ekingo dio domekan, Bermeon. Sekula ez du ohorezko mailan jokatu. Azken egunetan, ordea, taldearen gaurkotasuna ez dago estreinako partidu horretan bakarrik; Agustin Alkortak dimisioa aurkeztu ondoren, entrenatzaile finko barik hasiko dute denboraldia.
Ondarroako entrenatzailearen esanetan, “iritzi kontrajarriak” egon direlako utzi du taldea. Javier Agirre klubeko lehendakariari galdetuta, ez dutela “ezelako azalpenik” jaso adierazi du: “Joan zen ostiralean dimisio atzeraezina aurkeztu zuen. Gure aldetik ez zegoen arazorik. Taldea osatu dugu eta, aspaldiko partez, Elorriotik kanpoko fitxaketak egin ditugu; aurredenboraldian ere emaitza nahiko onak lortu dira eta bat- batean dimisio horregaz topo egin dugu. Asteburuan jokatu zen Bakioren kontrako lagun arteko lehian ere aulkian ez jesartzea erabaki zuen”.
Ondorioz, Angel Díazek hartu du behin-behinean taldearen gidaritza. Elorriogaz bata bestearen atzetik hiru igoera lortu dituen entrenatzailea jesarriko da aulkian, harik eta beste bat aurkitu arte: “Ondo ezagutzen du taldea, eta eskertzen diogu bere orondatea”. Entrenatzaile berriari buruz zera dio Agirrek: “Bategaz baino gehiagogaz ipini gara hartu-emanetan, baina oraindino ez dago akordiorik inorekin”.
Elorrio hirugarren mailara igo zen 1978an, eta denboraldi bitan jokatu zuen maila horretan. Ondoren, gorenera jaitsi zen, artean ohorezko mailarik ez zelako existitzen. Aurten, Durangoko Kulturalaren atzetik Durangaldeko bigarren taldea izango dira futbolean.