Iazko ekainean sinatu zuten bi taldeek hitzarmena, sendotzeko asmoagaz; hitzarmena eten arren, harreman ona mantentzen dute.
Denboraldi bakarra iraun du DRT eta Arrasateko errugbi taldeek iaz sinatu zuten hitzarmenak. Akordioagaz, bi taldeak sendotu eta lehiakorragoak izatea bilatzen zuten; J.M Iriondo “Txapo” DRTko lehendakariak azaldutakoaren arabera, bi taldeek hitzarmena etetea erabaki dute.
Hasiera batean hiru urterako zen akordioa, eta etetea erabaki duten arren bi taldeen arteko harremanak “ona” izaten jarraitzen duela adierazi du Txapok. DRTko lehendakariaren arabera, desadostasunaren erroa senior mailako B taldean egon da. “Asmo ezberdinak izan ditugu”, laburtzen du Iriondok; arrasatearrek lehiakortasuna bilatzen ei zuten, bereziki. Horrez gainera, emaitzak ez dira izan arrasatearrek uste bezain onak. Horrenbestez, hitzarmena eten eta “bakoitzak bere aldetik” jarraitzea erabaki dute bi taldeetako ordezkariek. Emakumezkoen taldeagaz ere
desadostasunak egon direla azaldu du Txapok.
Txaporen berbetan, “oso esperientzia ona” izan da ekimena: “Asko ikasi dugu elkarregaz behar egiten. Arrasatearrek zabalik izango dituzte hemengo ateak”.
11/12 denboraldia prestatzen
Bestalde, datorren denboraldiari begira jarri dira durangarrak; hainbat aldaketa prestatzen ari dira 2011/2012 denboraldirako. Aldaketa horietako batek entrenatzaile postuan eragingo du. Aratz Gallastegik kadete edo gazte mailako talde bateko gidaritza hartuko du; Sukia errugbi eskolako arduradun ere jarraituko du. Iriondoren berbetan, neurri honen helburua txikienak gaztetatik trebatzea da: “Jokalariak txikitatik hezten saiatuko gara, horrela, senior taldera heltzerakoan prestatuago egongo dira”.