Cortesen gitarra doinuak, dantza flamenkoa eta kantua Musikairen, zapatuan

Anboto 2011ko uzt. 8a, 09:06

Diego Cortes maisuaren gitarra flamenkoaren erritmora, uztailaren 9an

Diego Cortes maisuaren gitarra flamenkoaren erritmora, uztailaren 9an.

 

Musikaire jaialdiaren barruan eskainiko du 1956an Bartzelonan jaiotako Diego Cortes gitarristak kontzertua; 22:00etan hasita, bihar, Elorrioko Argiñetako inguru paregabean.

 


Orain hamar urte Albert Pla kantautore katalunarekin hasitako kolaborazioaren emaitzagaz izan zen Cortes otsailean Elorrioko Arriolan, eta bakarkako lanagaz datorkigu bihar. Bere gitarrak, dantzari bik eta kantariaren ahotsak lagunduta jardungo du Elorrioko Musikaireko biharko haizetarako emanaldian Cortesek.\"\"

 


Cortes Ruth Romerok dantzan zein kantuan eta Miranda Cortések dantzan lagunduko diote Kataluniako gitarrista trebe eta esperientzia handikoari.

 


Flamenkoa beste musika batzuen sonoritateagaz —jazzagaz, bluesagaz zein funkyagaz— uztartzen aitzindari izan zen Cortés, eta elektronika ere barneratu izan du bere sorkuntzetan. Erritmo biziko
emanaldia eskainiko du Argiñetan.

 


Uztailaren 10ean ere, domekan, dantza eta musika ikuskizuna izango dugu Elorrioko Musikairen aukeran: Oreka Tx eta Amaren Alabak taldeek ipiniko dute musika eta Kukai Dantza taldearena da Hostoak ikuskizuneko koreografia.

 


Zurezko eta harrizko txalapartaren doinuak, dantza garaikidea eta emakume kantarien ahotsak nahasten dituen ikuskizuna da domekan Musikaire jaialdiak ekarrita Elorrion entzungai izango duguna. Euskal kulturaren tradizioan erroturiko adierazpide garaikideen uztarketa.

 


Uztailaren 15ean, bestalde, antzerkiagaz daukagu Musikaireko hitzordua: Valentziako Pelmánec taldeak Don Juan Memoria amarga de mí antzezlana eskainiko du Argiñetan. Hainbat sari jaso dituen obra da datorren barikuan, 22:30ean hasita, ikusgai izango duguna. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!