Asier Igarza elorriarrak ia bizi osoa darama ERTri lotuta; 33 urte dauzka, eta azkeneko 20ak eman ditu bertan jokatzen. Jokalari legez, azken izan du aurtengoa. ERTren 30. urteurrenari buruz berbaz jardun dugu.
Zein da ERTren jatorria?
Elorrioko jai batzuetan sortu zen; Buskantz taldeari bururatu zitzaion errugbi talde bat sortzea. Beste lagun talde batzuetan jendea bilatzeari ekin zioten. Elorriar batzuk Arrasaten egon ziren jokatzen, eta eurekin batera taldea sortu zuten. Lehenengo partida “Udaberriko Kopa” batean jokatu zen, eta ordutik 30 urte pasatu dira.
Urteotan asko aldatu da taldea?
Bai. 30 urteotan denetarik eduki dugu. Nagusiak, neskak, kadeteak, gazte mailakoak… Urte batzuetan talde guztiak izan ditugu, eta beste batzuetan, zoritxarrez, senior eta umeak bakarrik. Pena da baina, adibidez, gaur egun ez daukagu nesken talderik; hainbat urtean egon ziren, dezente urtean, uste dut sei bat urte izan zirela, baina... Neska horietako lau-bostek Euskal Selekzioagaz jokatu zuten; baita estatukoarekin ere. Ea etorkizunean nesken taldea berreskuratzeko aukerarik badagoen.
Gaur egun zenbat talde dituzue?
Senior talde bat daukagu, 30 fitxagaz. Umeen taldea ere bai; horrez gainera, gazte bat dugu DRTn jokatzen. Eta amaitzeko, eskolarrak ere baditugu; baina federatu bakoak dira. Guztira, 450 jokalari inguru pasatu dira hiru hamarkada hauetan.
Urteotan Elorrio izan da zuen harrobia...
Bai, gehienbat Elorrioko jendea aritu gara jokatzen. Urte batzuk bereziki onak izan ditugu; urte batean, junior taldea estatu mailan jokatzen ibili zen. Elorrio txikia da, eta lan asko egin behar da jendea ateratzeko; gaur egun 14-16 urte bitartekoekin hutsune bat daukagu, eta datorren urteari begira hutsune hori betetzeko beharrean gabiltza. Harrobia landu nahi dugu, kadeteak, gazteak... ondoren seniorrerako jauzia bermatzeko.
Osantsu al dago eskualdeko harrobia?
Bai; horretarako lanean gabiltaz, gainera. Bai Durangon bai Elorrion, eskoletan lan egiten gabiltz. Bestalde, jendea formatzen ere bagabiltza ni, pertsonalki, IRB titulua ateratzeko lehenengo mailan nago. Gazteenei ahalik eta ekarpen handiena egin nahi diegu; horrez gainera, hainbat ikuspuntu eskaini nahi dizkiegu.
30 urte asko dira, momentu onak eta txarrak bizi izango zenituzten..
Guretzat momentu txarrena Juturen heriotza izan zen. Momenturik onenak, ostera, herria gurgaz irauli izan denetan bizi izan ditugu; errugbi egunetan jendea beti dago laguntzeko prest. Urte batean, jaietako txupina ere bota genuen; guretzako ohore handia izan zen.
Zelako harremana daukazue DRTrekin?
Beterano arteko partiduan ikusi zen moduan, hartu-eman ona daukagu. Pikea dago, baina hartu-emana ona da; Arrasate edo DRTgaz dugun pike hori osasuntsua da, gainera.
Aurrera begira, zer asmo duzue?
Lehenengo, urteurren ekitaldia ahalik eta arrakastasuena izan dadin saiatuko gara; orain arteko ekimenek harrera ona izan dute. Aurrerantzean, harrobia lantzen saiatuko gara, gehienbat. Nagusien taldeak hazi nahi badu, oinarri sendoak izan behar ditu. Bestalde, jokalariak hezten, edo hobetzen, saiatuko gara, fisikoki zein teknikoki.