Logela Multimedia elorriarren 'Kroma koman' Nontzefilmak lehiaketan

Anboto 2011ko mai. 6a, 09:10

Bilbon emango dituzte bihar finalerako hautatu dituzten lanak, FANT jaialdiaren barruan

Bilbon emango dituzte bihar finalerako hautatu dituzten lanak, FANT jaialdiaren barruan. Euskal Herriko zein nazioarteko ehundik gora lan jaso dituzte www.nontzeberri.com kultura webguneak eta Bilboko Zinema Fantastikoaren Jaialdiak antolatu duten Nontzefilmak lehiaketan. Maiatzaren 7an, Bilbon, lehiaketaren finalean, erakusteko hautatu dituzten lanen artean Elorrioko Logela Multimedia taldearen Kroma Koman lana dago. Flash programagaz osatutako lanen sailean hautatu dute elorriarren lana. Jaialdiaren berezitasun inportante bat lanak Internet bidez bidali ahal izatea da. Ez da hau Logelak lehiaketa honetan parte hartzen duen lehenengo aldia, eta lehenago ere hautatu dute euren ekoizpenen bat finalerako. Aurten, Break On Stage jaialdiaren promozio kanpainarako baliatu duten bideosorkuntzan oinarrituta egin duten Kroma Koman lana bidali dute. \"Irudiekin jolastuz egoera errealak surrealismora eramaten\" dituztela dio Imanol Garaizabal Logelako kideak, eta aurreko lanek legez, estetika oso markatua daukala honek ere: \"Plano guztiek daukate ukitu infografikoa\". \"Askotan gure buruaren jabe garela pentsatzen dugu, baina kontrolatu eta manipulatuak gara\", dio Garaizabalek, lehiaketara aurkeztu duten lanaren interpretazioa eginez. Ikusle bakoitzaren interpretaziora oso zabalik geratzen da, dena den, Kroma Koman.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!