Bigarren urtez, Elorrioko txirrindulari elkarteak Bizkaiklasik \'Pedro Horrilloren Udaberriak\' klasikoa antolatu du, zapatuan. Arratsaldeko 16:00tik aurrera abiatuko da, kadete mailako proba garrantzitsuenetakoa den lehia.
Bigarren urtez, Elorrioko txirrindulari elkarteak Bizkaiklasik \'Pedro Horrilloren Udaberriak\' klasikoa antolatu du. Arratsaldeko 16:00tik aurrera abiatuko da, kadete mailako proba garrantzitsuenetakoa den lehia.
Elorrioko txirrindulari elkarteak Bizkaiklasik Pedro Horrilloren Udaberriak klasikoa antolatu du bigarrenez. Iazko erantzun ona ikusita, esperientzia errepikatzea erabaki du txirrindulari elkarteak.
Klasiko hau kadete mailako txirrindularitza proba bat da, eta, guztira, 39,8 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute parte-hartzaileek. Arratsaldeko 16:00etan abiatuko da txirrindulari proba, herriko plazatik; helmuga, berriz, Urkizu kalean ezarriko dute. Durangaldetik kanpoko txirrindulariak ere lehiatuko dira aurten. Joseba Gorostiza txirrindulari elkarteko lehendakariaren berbetan, mota honetako probak herrira \"hurreratzea\" klasikoa antolatzeko arrazoietako bat da.
Gorostizaren arabera, Pedro Horrillo txirrindulari \"handia\" izan da, eta hori nabarmendu eta bera omentzeko asmoagaz ere antolatzen dute proba Elorrioko txirrindulari elkartekoek. Horrillo ermuarra da jaiotzez, hala ere, hainbat urte darama Abadiñon bizitzen. Urte bat pasatxo egin zuen Elorrioko txirrindulari elkartean; hortik dator hartu-emana. Horrilloren berbetan, \"eskertzekoa\" da ekimena.
Nobedadeak klasikoan
Iazko ediziotik hona, hainbat aldaketa eta nobedade ezarri dituzte antolatzaileek. Hasteko, aldaketa nabarmen bat aurkeztu dute txirrindularitza elkartekoek: Iaz ez bezala, aurten Elorrion hasi eta Elorrion amaituko da ibilbidea.
Gorostizaren berbetan, klasikoa herritarrengana \"hurreratzeko\" hartu dute erabaki hori. Esan bezala, antolatzaileen asmoa klasiko bat dela nabarmentzea izan da. Antolatzaileek harbidetan espezializatu gura dute proba; hiru biderrez igaroko dira txirrindulariak harrizko bidetik, eta lehenengoan tarteko helmuga puntuagarria izango da. Gorostizaren berbetan, \"lasterketa lehiakor eta didaktikoa\" antolatu gura izan dute.
Aldaketa horrek lehiakortasuna sustatzeaz gainera, kadete mailako talde indartsuenetakoak erakarriko ditu Elorriora. Besteak beste, Burunda talde nafarrak eta Arabarrak aguraindarrak parte hartuko dute; txirrindulari bizkaitarrez gainera, bada, Nafarroa, Araba eta Kantabria lako lekuetatik etorriko dira.
Guztira, 12 taldetako 120 txirrindulari inguruk parte hartuko dutela aurreikusi dutela jakin eragin dute antolatzaileek. Joseba Gorostizaren iritziz, probaren maila nabarmentzen du datu horrek: \"Kadete mailako probetan 80 parte-hartzaile inguru egon ohi dira. Txirrindulariei dagokioenez, Gorostizak \"etxekoen\" alde egin du apustu: \"Kanpokoak oso indartsu datoz, baina hemengoek bidea ezagutzen dute, eta, azken finean, horrek lagundu egiten du\". Izenak aurreratzerakoan, Gorostizak hainbat izen aurreratu ditu: \"Aritz Hernandez elorrioarraz gainera, Iosu Angoitia berangoarra eta Julen Amarika mungiarra aurrean ibiliko dira\".
Iazko edizioan ez bezala, aurten ez da emakumezkorik egongo proban; domeka goizean emakumezkoen Espainiako Kopa jokatuko da Derion, eta bertan parte hartzea lehenetsi dute.