San Petersburgoko kaperako abesbatzaren bisita Elorrion

Anboto 2011ko api. 5a, 09:27

Apirilaren 8an, Elorrioko basilikan jardungo du San Petersburgoko kaperako abesbatzak

Apirilaren 8an, Elorrioko basilikan jardungo du San Petersburgoko kaperako abesbatzak. Eliz musika errusiarra eta Errusiako kanta folklorikoak eskainiko ditu San Petersburgoko kaperako abesbatzak datorren barikuan, Elorrion. 1936an Leningradon jaiotako Vladislav Chernoushenko zuzendariagaz dator San Petersburgoko abesbatza Durangaldera. Elorrioko basilikan, 20:00etan hasita eskainiko dute kantaldia. Historia luze eta oparokoa da San Petersburgoko abesbatza: Iván II.aren agintaldian, XV. mendean sorturikoa da, eta Errusiako lehenengo abesbatza profesionala izan zen. Inguruko herrialdeetako –besteak beste, Ukraniako– abeslariak erakarri izan ditu San Petersburgoko kaperako taldeak. Historia luzeko taldea izanik, sasoian sasoiko gizartearen eta Errusiaren historiaren isla ere bada San Petersburgoko abesbatza. Besteak beste, emakumeen eta bakarlari garrantzitsuen ahotsak hartzen hasi ziren taldean, eta askotariko sortzaileen musikak interpretatzeari ekin zioten. Errusiako abesbatzarik onentzat aurkezten dute San Petersburgoko hau aditu askok, eta munduko onenen artean kokatzen duenik ere badago.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!