Bertsoa eta musika Elorrioko Korrikaren aldeko barikuko jaian

Anboto 2011ko mar. 29a, 10:35

Elorrioko Udalak, Arriola kulturguneak eta AEK-k elkarlanean antolaturiko ekitaldia da apirilaren 1ean Elorrion Korrikaren alde egingo duten jaialdia. Durangaldeko lau bertsolarik jardungo dute, 22:00etan hasita, Arriolan, eta Sorkun abeslari errenteriarrak emanaldi akustikoa eskainiko du, 23:00etatik aurrera, Ateneoan

Elorrioko Udalak, Arriola kulturguneak eta AEK-k elkarlanean antolaturiko ekitaldia da apirilaren 1ean Elorrion Korrikaren alde egingo duten jaialdia. Durangaldeko lau bertsolarik jardungo dute, 22:00etan hasita, Arriolan, eta Sorkun abeslari errenteriarrak emanaldi akustikoa eskainiko du, 23:00etatik aurrera, Ateneoan. Musika eta bertsoa biltzen dituen egitaraua antolatu dute Elorrion Korrikaren aldeko jaialdia osatzeko: Arriola kulturguneak, udalak eta AEK-k jardun dute elkarlanean. Apirilaren 1erako da proposamena. 22:00etan hasiko da jaialdia Arriolan; Durangaldeko lau bertsolarik izango dute jaialdia zabaltzeko ardura: Gorka Lazkano berriztarrak, Eneko Abasolo \"Abarkas\" iurretarrak, Beñat Ugartetxea mallabitarrak eta Eñaut Uruburu abadiñarrak jardungo dute, Maite Berriozabal berriztarrak emandako gaiei Arriolako oholtzatik erantzuten. Bertsolarien jardunaren osterako, zuzeneko musika emanaldia ekarri dute Korrikaren aldeko jaialdirako. Ateneoan, 23:00etatik aurrera, kantatuko du Sorkun abeslari errenteriarrak. Durangaldean, aurretik, besteak beste, Durangoko Plateruenean erakutsi duen bidean darrai Sorkun kantariak azken hilabeteetan; kontzertu akustikoak eskaintzen.

Soiltasuna, bluesa, jazza...

Formatu berri horretan, giro lasai eta intimoan entzuteko eran eskaintzen ditu Sorkunek bere ibilbide musikal oparoan sortutako eta kantatutako abestiak. Horretarako leku ezin aproposagoa izango du gaur zuzeneko emanaldirako Elorrion: Ateneoa. Laurogeita hamarreko hamarkadan, oso gazterik, Kashbad rock taldean hasi zenetik sei disko kaleratu ditu Sorkunek; horietan guztietan zeharreko ibilbidea burutzen du zuzeneko akustikootan. Hasieran Kashbad taldeagaz, gero Fermin Muguruzaren Kontrabandagaz edo Vicepresidents taldeagaz jorratutako kantakeragaz alderatuta, bestelako \"kontzeptua\" garatuko du datorren barikuan Ateneoan Sorkunek. Bere ibilbideko kantak, askotariko musika osagaiekin eskaintzen ditu proiektu honetan: Skip James, J.B. Lenoir edo Howling Worf bezalako musikarien blues doinuak barneratuz, esaterako. Bere ahotsaren ezaugarriekin hain ondo ematen duen blues eta jazz ikustuko kanten bertsioak ere eskainiko ditu Sorkunek: Shemekia Copland edo Madelein Peroux kantarien abestien bertsioak egingo ditu, esaterako. Kanta ezagunok plano akustikoagoan eskaintzeko, \"soinu intimistago\" hori lortzeko, hiru musikari izango ditu Sorkunek Ateneoan lagun: Gorka Sesma gitarran, Tanausu Santana baxuan eta Juanma Urriza baterian.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!