1986tik 1.000 fitxa inguru egin ditu DRTk. Txapo lehendakariaren berbetan, modu batean edo bestean lagundu dutenei \"eskertzeko modua\" dira urteurrenean antolaturiko ekimenak
1986tik 1.000 fitxa inguru egin ditu DRTk. Txapo lehendakariaren berbetan, modu batean edo bestean lagundu dutenei \"eskertzeko modua\" dira urteurrenean antolaturiko ekimenak.
Garai batean, durangarrek errugbian jokatu ahal izateko Elorriora joan behar zuten; horri buelta emateko asmoz, durangar gazte talde bati errugbi taldea sortzea otu zitzaion. Horrela jaio zen DRT. 1986an gertatu zen hori.
Ordutik mende laurdena igaro da, eta Durangoko errugbi taldea asko hazi da; egun, bost ekipo ditu DRTk, eta gaztetxoenentzako errugbi eskola ere bai.
Jose Manuel Iriondo \"Txapo\"-k gertutik bizi izan du DRTren bilakaera hau, bera izan da-eta urte guztiotan taldeko lehendakaria. Urteurrena ospatzeko, ekimen sorta antolatu du DRTk. Txaporen berbetan, 25 urteak ospatzeaz gainera, urte horietan guztietan lagundu dietenei eskerrak emateko modua ere bada: \"Lagundu gaituzten guztiak zerrenda batean idazten hasiz gero, ez genuke zerrenda amaituko\".
Urteurreneko ekimenik garrantzitsuena maiatzaren 28an izango dela aurreratu du Txapok: Errugbiaren Jaialdia ospatuko da Durangon; hainbat ekimen egingo dira egunean zehar. Urteurreneko ekimen guztiak doakoak eta \"irekiak\" izango dira. \"Urte guztiotan kalea eta harremanak asko landu ditugu\", dio Txapok, \"horregatik, guztion artean ospatu beharreko gauza dela pentsatzen dugu\". Jaialdiaz gainera, bestelako ekimenak ere izango dira: errugbia eta zinea lotuko dituen lau pelikula eskainiko dituzte San Agustin aretoan; urteotako ibilbidea gogoratuko duen aldizkaria eta DVDa ere kaleratuko dituzte, eta \"atzera begiratu\" bat izango den erakusketa ere prestatu dute, besteak beste.
Urteotan, mila fitxa inguru egin dituztela kalkulatzen du Iriondok; guztira, 387 errugbilari heldu dira lehenengo taldeetara. 250 gizonezkoenera eta 137 emakumezkoenera. \"Gure ustez, aukera bat eskaini diegu durangarrei kirol hau praktikatzeko\" dio Iriondok. 25 urteotan DRTk \"etxekoekin\" jokatzeko filosofiari eutsi dio.