Domekan Euskadiko Ziklo-Kross Txapelketa jokatuko da Elorrion

Anboto 2010ko abe. 25a, 12:46

Goizeko 09:00etan hasiko dira probak San Jose inguruan. Antolatzaileek azaldu dute zirkuitoa moldatu eta modernizatu egin dutela txapelketarako.

Goizeko 09:00etan hasita, domeka honetan, hilak 26, Euskadiko Ziklo-kross Txapelketa jokatuko dute Elorrion, San Jose inguruetan. Elorrioko Txirrindulari Elkarteak eta Elorrioko Udalak txapelketako proben aurkezpena egin dute. Urtero data hauetan ziklo-kross proba antolatzen du Elorrioko Txirrindulari Elkarteak. Azken urteotan San Jose inguruetan atondu dute zirkuitoa, eta aurten, txapelketarako zirkuito hori moldatu eta modernizatu egin dutela azaldu dute elkarteko kideek. Aldaketen artean, rugby zelaiko eskaileretako tartea kendu dute: \"ia oztopo bako zirkuitoa izango da, ia dena bizikleta gainean egiteko modukoa\". Zirkuitua aurreko urteetan baino kontzentratuago egongo dela azaldu dute, San Jose goikalderantz. 2,9 kilometro izango ditu; 500 metro asfaltoan egingo dituzte, eta beste guztia belarretan. Pabesean orain arte baino metro gehiago izango ditu zirkuituak, 80-90 metro artean. Hona hemen txapelketan egongo diren proben ordutegia: - 09:00: Kadeteak - 10:00: Junior kategoria - 10:50: Eskolarra - 11:00: Masterra, emakumeen junior kategoria eta emakumeen elitea - 12:00: 23 urtetik beherakoen kategoria - 13:00: Elitea Txapelketaz gain, lizentzia edukitzeko adina daukaten gaztetxoentzat jolas gunea prestatuko dute, zirkuitoagaz eta ginkana bategaz.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!