Erdella mendizale taldeak argazki eta ikus-entzunezkoekin hornitutako bost hitzaldi antolatu ditu azaroaren 8tik 13ra, Mendi Astearen barruan.
Erdella mendizale taldeak argazki eta ikus-entzunezkoekin hornitutako bost hitzaldi antolatu ditu azaroaren 8tik 13ra, Mendi Astearen barruan. Horietako batean, Mikel Zabalza mendizale ezaguna etorriko da.
[imgd]http://www.anboto.org/images/8300/8391/1.jpg[/imgd] Lehenengo hiru saioak Iturri kultur etxean izango dira, 19:30etik aurrera. Astelehenean, Aitor Casadok bost urtean aterateko argazkien bitartez, Iratitik Ordesarako gailur eta zonalde entzutetsu eta ederretan murgilduko du ikuslea: Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Irati, Orreaga…
Martitzenean, Koldo Zubimendik eta Iker Iriondok Hegoameriketako Jatún Chácuan (Andeetan) egindako espedizioaren berri ematen duen ikus-entzunezkoa eskainiko dute. Gutxi ikertutako zonalde horretan bide berriak ireki zituzten.
Eguaztenean Mikel Zabalza nafarrak Karakorumen (Pakistan, India eta Txinaren arteko mendizerran) egindako igoerak erakutsiko ditu proiekzio baten bitartez. Esaterako, Izenik Gabeko Dorrean edo Broad Peak Zentralean zabaldutako bide berriak hartuko ditu berbagai.
Egueneko ikus-entzunezkoaren bitartez, Urdin Ugarte elorriarrak, 20 hilean eta bizikletaz, munduan zehar bizitako abenturen berri emango du; guztira, 23.200 kilometro egin zituen. Saio hori Arriola kultur aretoan izango da.
Amaitzeko, barikuan, -berriro Iturrin- oraintsu Mendiko Literatura Saria jaso duen Eider Elizegui donostiarrak Andeetako Gailurretan Alderrai izeneko hitzaldia eskainiko du. Perun eta Bolivian ezagutu eta bizitakoak kontatuko ditu.