Irailaren 3an, barikuan, izango da Elorrion Raimundo Amador.
Musika indartsuagaz datoz Ferixa Nausikoak. Elorrio eta inguruetako herrietako musikariak ikusteko aukera egongo da txosnetan eta Gaztetxean, eta baita apur bat urrunagotik etorritako musikari bat ere; Raimundo Amador sevillarrak kontzertua eskainiko du jaien lehen egunean, barikuan.
Amador Sevillako ijitoak telonero bi izango ditu, 22:00etatik aurrera: Ghetto eta Puro Chile. Durangaldeko musikariz osotutako bi talde horiek musika modak jarraitu barik egiten dutela diote. Puro Chileren kasuan, izenak berak azaltzen du euren filosofia. Gauzak puro chile erara egiteak intuizioz jokatzea esan gura du, eta taldekideek euren musika horrelakoa dela diote: barrutik irtendakoa.
Euren ondoren, Raimundo Amadorren txanda izango da, gaueko izar handienarena. Flamenkoaren sustraietatik abiatuta etorriko zaigu Amador rock eta blues doinuekin.
Txosnetan, koadrilen egunean Trikizio taldeak eskainiko du erromeria, eta bigarren zapatuan izango dira azken kontzertuak; Arkada Social eta Des-kontrol taldeek punk-rock doinuak ekarriko dituzte Elorriora.
Gaztetxeko musika
Txupinazo egunerako, hilaren 4rako, inguruko herrietako punk-rock taldeak gonbidatu ditu Elorrioko Gaztetxeak. Arrasateko Kañeria 13 eta Zaldibarko Disorders taldeek eskainiko dute kontzertua.
Eguena tradizioz Elorrioko rock taldeen eguna izaten da jaietan, eta aurten ere horrela izango da. Gaztetxean eskainiko dituzte kontzertuak, 20:00etatik aurrera. Barikuan ere, 10ean, kontzertua egongo da bertan; Bartzelonatik etorriko da Bottle Duck. Rock and rolla egiten dute, eta publikoagaz oso zuzenak dira euren kontzertuetan.
Erromeriak eta kaleko musika
Kaleko jai-giroa ikustera irtenez gero, ia egunero egongo da musika edo dantza ekitaldiren bat kalean. Plazan, Urarkan, Aldatzekuan, edo kalez kale, txarangak, mariatxiak, erromeriak, DJak... ibiliko dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!