Jaurlaritzaren baietza bakarrik falta zaio Plan Orokorrari

Anboto 2010ko abu. 29a, 10:00

Abuztuan deitutako udalbatzarrean ia baiezko osoa jaso zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak.

Abuztuan deitutako udalbatzarrean ia baiezko osoa jaso zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak. Ezker Abertzaleak, EAJk eta PSE-EEk baietz bozkatu zuten eta EHAk kontra. Orain, datorren zortzi urteetako Elorrioren hazkundearen nondik norakoak definitzen dituen dokumentua Eusko Jaurlaritzara bidali dute. Hiru hilabeteko epean jakinaraziko diete planagaz ados dauden, eta horrela bada urtea amaitu aurretik onartuko dute behin betirako. Niko Moreno alkatea pozik agertu da planaren onarpenagaz, \"legegintzaldi hasieran hartutako konpromisoa bete dugulako eta herriarentzako onuragarria den plana onartu dugulako\". Morenoren esanetan, \"planari aurkeztutako alegazioen \"%40 hartu dugu aintzat, bere osotasunean edo partzialki\". Planak, besteak beste, 429 etxebizitza eraikitzea jasotzen du azken zuzenketen ondoren kopurua \"apur bat \"jaitsiko den arren; eraikitako bizilekuen %65 babes ofizialekoa izango da. EAJko zinegotzi Ana Otaduik \"legegintzaldiko erabakirik garrantzitsuena\" legez definitu zuen planaren onarpena: \"akordiora iristeko denok malgutasunez jokatu dugula pentsatzen dugu. Ez gaude planagaz erabat konforme, baina, oro har, Elorriok aurrera egin dezan plan ona da eta erantzukizunez jokatu dugu\". PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Muñozek ere herriaren etorkizunerako plan egokia dela azaldu zuen.

Protesta ekitaldia

Udalbatzarra abuztuan izango zela jakitean, hainbat auzotako herritarrek protesta ekitaldia gauzatu zuten udaletxe aurrean; era berean udaletxean idatzi bat aurkeztu zuten, 640 sinaduragaz lagunduta, udalbatzarra atzeratu zedin eskatuz. Horrelako erabakiak \"herritarren parte-hartzearen kontrakoak\" direla salatu zuen idatziak. Niko Morenoren ustez, \"prozesu osoan herritarrek informazio eskura izan dute beti Udaletxean; udalbatzarra atzeratzea arduragabekeria izango zen\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!