Iker Urizar: "Aurretik halako distantziarik probatu barik nengoen"

Anboto 2010ko abu. 25a, 13:34

Uztailean, Ehun Milen lehenengo aldian (167 kilometro), bigarren amaitu zuen Iker Urizar elorriarrak, 26 ordu 3 minutu eta 9 segundoko denboran. Beasainen hasi eta amaitu zen lasterketan Txindoki eta Aizkorri gainak pasatu zituzten, besteak beste.

Uztailean, Ehun Milen lehenengo aldian (167 kilometro), bigarren amaitu zuen Iker Urizar elorriarrak, 26 ordu 3 minutu eta 9 segundoko denboran. Beasainen hasi eta amaitu zen lasterketan Txindoki eta Aizkorri gainak pasatu zituzten, besteak beste. Zergatik erabaki zenuen Ehun Miletan parte hartzea? Aurretik Hiru Handiak eginda nituen, eta tankerako lasterketa berri bat probatzea erabaki nuen. Printzipioz, aurten Hiru Handiak egitea nuen helburu, baina bategaz berba egin eta besteagaz komentatu, azkenean Ehun Milak egitea erabaki nuen. [imgd]http://www.anboto.org/images/8000/8021/1.jpg[/imgd] Zerk eraman zintuen Ehun Milen aldeko erabakia hartzera? Ia bikoiztu egiten du Hiru Handiek duten desnibel maila, eta 67 kilometro gehiago ere baditu. Beraz, erronka baten moduan hartu nuen, neure buruari beste mailatxo bat gehiago eskatzeko modua zen. Itxaroten zenuen lasterketa bigarren amaitzea? Ez, ezta gutxiagorik ere. Sorpresa handia izan zen. Helbururik behinena lasterketa amaitzea nuen. Parte-hartzaileen berri banekien, eta hori kontuan hartuta lehenengo 30en artean sartzea emaitza ona izango zela pentsatuta joan nintzen. Gertatzen zena gertatzen zela, bigarren gaua ekidin egin gura nuen ahal zen neurrian. Diotenez, bigarren gaua oso gogorra gertatu daiteke; desorientatzea errazagoa da, zorabioak gehitzen dira… eta 18:00etan hasten zen lasterketa 30 bat orduren bueltan amaitu gura nuen. Aurreikusi baino lau ordu gutxiago behar izan zenituen lasterketa osatzeko. Aurretik horrelako distantziarik korritu barik nengoen, eta horrelako kasuetan, badaezpada, kalkuluak goitik egiten dira. Lasterketaren bigarren zatian erritmoa asko jaisten da normalean, eta horregatik uste nuen 30 orduren inguruan ibili nintekeela. Zein izan zen zure errendimenduaren gakoa? Oso ondo aurkitu nintzen hasieratik. Aurretik egindako prestaketa lanak bere emaitza eman zuen. Baliteke eguraldiak beste korrikalarien jarduna baldintzatu izana. Hasieran sargoria eduki genuen, baina abiatu eta hirugarren orduan ziri-miria hasi zuen eta behelainoa ere agertu zen. Ondoren, Txindoki inguruan euri dezente egin zuen ibilbidea lokaztuz. Baldintza horietan aritu ginen Aizkorri atzean utzi arte. Horrelako eguraldiagaz hobeto moldatzen zara? Beroagaz ez naiz hain ondo moldatzen. Deshidratatzea errazagoa da, eta oinetan babak irten daitezke. Aukeran, gurago dut bero handirik ez egitea. Arazo fisikorik izan zenuen lasterketan zehar? Ez nuen ezelako arazorik izan. Alde horretatik zortea izan nuen. Izan ere, sarritan nahikoa da kolpetxo bat dena hondatzeko. Atzetik aurrerako bidea egin zenuen... Indarrak eta esfortzuak apur bat neurtuz ekin nion lasterketari, amaieran falta egingo zidatelakoan. Ibilbideko gune batzuetan lagunak nituen, eta haiek esaten zidaten zenbatgarren nindoan. Helmugarako kilometro biren faltan pasatu nuen ordura arte bigarren joan zena. Aizkorritik Beasainerako tarteari ekin genionean 20 bat minutuko aldea ateratzen zidan, eta apurka-apurka aldea jan nion. Zelakoa izan zen Ehun Miletarako prestaketa lana? Ez dago sekretu berezirik, kilometroak pilatuz hartzen da sasoia. Lasterketaren aurretik ibilbide osoa egin nuen etapaka, bost-sei egunean. Ibilbidea aztertu eta haren ezaugarriak batu nituen. Aurretik zer duzun jakiteak ere laguntzen du indarrak neurtzerako orduan. Datorren urtean ere parte hartuko duzu? Lehenengo eta behin, ez dakit antolatuko duten. Hiru Handiak urte birik behin izaten dira, eta printzipioz Ehun Milak urteroko hitzordua izatea gura dute. Hala ere, ikusi egin beharko da. Egia esanda, oraintxe bertan ez daukat berriro parte hartzeko motibazio hori, baina baliteke denbora joan ahala berriro piztea, lasterketak oso sentzazio onak utzi dizkidalako. Azken batean, gehienok hobbie moduan ibiltzen gara eta hainbeste entrenatu ondoren bigarren geratzeak animatu egiten zaitu. Horrelako lasterketetan aurreko aldiko jarduna hobetzea izan ohi duzue helburu. Zuri postu bakarra geratzen zaizu hobetzeko. Kasu honetan bai, baina hainbat lasterketa daude, eta niri asko gustatzen zait lasterketa berriak korritu eta paraje berriak ezagutzea. Aurten ez dituzu Hiru Handiak egin, baina egindakoa zara. Kontrako noranzkoan antolatu dute ibilbidea eta oso gogorra izan ei da. Ibilbidearen berri jakin nuenean horixe bera pentsatu nuen. Koadrilako batek parte hartu zuen eta lasterketa hasi aurretik abisatu nion: \"Oraindino sasoiz zagoz\". Lehenengo partea oso azkarra da, eta indartsu zauden bitartean bizi ibiltzea erraza da, baina orduan egindako esfortzua azkenean igarri egiten da. Gainera, bero itzela egin zuen. Lagunak pozik eta gustura amaitu zuen, baina hurrengo aldian ibilbide hori mantentzen badute ez duela parte hartuko aipatu zuen. Fisikoki ez eze, buruz ere gogorra izan beharra dago. Bai, behin puntu batetik aurrera alde guztietan somatzen dituzu ahuldadeak; hemen mina, han mina… dena lasterketa uzteko aitzakia bihurtu daiteke. Une horietan norbere burua kontrolatzeko mentalki indartsua izan beharra dago
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!