Anari eta Amparo Sanchez Musikaireko bigarren astean

Anboto 2010ko uzt. 8a, 10:20

Barikuan eta zapatuan izango dira euren kontzertuak, hurrenez hurren. Tucson-Habana izeneko lehen diskoa aurkeztuko du Amparo Sanchezek.

Orain 13 urte Amparanoia taldea sortu zuen Amparo Sanchezek bakarka kaleratu duen lehenengo diskoaren, Tucson-Habana izenekoaren, aurkezpena da Musikaire jaialdiaren barruan, uztailaren 10ean, 22:30ean, Elorrioko plazan bertatik bertara duguna. \"Barne bidaia bat\", bakarkako lehenengo diskoa grabatzeko Amparo Sanchezek berak egindakoaren parekoa ei da abeslariak entzuleei proposatuko diena; Estatu Batuetako Arizonako basamortuan hasi eta Kubaraino eramango gaituena. Bidean, troba zaharraren, jazzaren, boleroaren, bluesaren eta sonaren eragina, ahots indartsu bat eta musikari bikainak topatuko ditugu Elorrion. Kaki Arkarazo gitarragaz, Oscar Ferret pianoan, Jose. A. Varona tronpetagaz, Carlos Falanga txeloagaz eta Jordi Mestres kontrabaxuagaz izango ditu Amparo Sanchezek Musikairen lagun. Emakumezko ahots eta musikaz beteriko Musikaireko asteburu honetako lehenengo emanaldia Argiñetan gaur, uztailaren 9 gauean da: Irla izan diskoan kaleratutako kantetako berba eta doinuen aurkezpena egingo du, Anari azkoitiarrak Elorrion.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!