Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Álvarez pilotari ohiak omenduko dituzte gaur Elorrioko plazako frontoian, 18:00etan.
Hilario Azkarate, Felipe Lejarazu eta Jose Antonio Álvarez pilotari ohiak omenduko dituzte gaur Elorrioko plazako frontoian, 18:00etan. Orain 50 urte Elorriorentzat hiru txapel irabazi zituztela gogoratuko dute ekitaldian.
Berrio-Otxoa pilota eskolak eta Elorrioko Udalak elkarlanean antolatu dute ekimena. Ekitaldi ofiziala 18:00etan bada ere, aurretik, 17:00ak inguruan hasita, gaztetxoen partiduak izango dira ikusgai, izarrak izan zirenei eurak ere dir-dir egiteko asmoa daukatela erakusteko. Lehenengo partiduan Peralta eta Landaburu Alzerrekaren eta Egurenen kontra ariko dira; bigarrenean Peñak eta Sagastak Solozabalen eta Azkarragaurizarren aurka jokatuko dute. Ondoren, afizionatu mailako partidu bi ikusteko aukera egongo da: Salaberriak eta Castillok Beitia eta Uriarte izango dituzte aurkari; ondoren Mendizabalek eta Kantxok Atxotegiren eta Uzkudunen kontra jardungo dute. Partidu bien artean egingo dute omenaldia. Berrio-Otxoa pilota eskolaren partez, txapel bana jasoko dute. Udaletxeak eta Euskal Herriko Pilota Federakuntzak oroigarri bana emango diete.
Hiru txapeldun
Pilotari dagokionez, 1960a urte magikoa izan zen Elorriorentzat. Izan ere, 1960an Espainiako Txapelketako hiru mailatan txapela jantzi zuten; Hilario Azkaratek lehenengo mailakoa irabazi zuen, Felipe Lejarazuk bigarren mailakoa eta Jose Antonio Álvarezek afizionatu mailakoa. Gainera, kuriositate moduan aipatu beharrekoa da hiru pilotariak Erreka kalean bizi zirela sasoi hartan.
Gerora Hilario Azkaratek, Ogetari 22-19 irabazi zion hartaz gainera, buruz buruko beste bost txapel ere bereganatuko zituen: 1961ean Etxabe I.aren, 1962an eta 1964an Ariño I.aren, eta 1965an eta 1967ean Atano X.aren kontra.