22:30ean hasita, Lourdesen zuzenean entzungai izango dugu Maria Berasarte, eta Portugalgo hiriburuko itsasadarreko doinuen brisa ekarriko du Elorriora.
22:30ean hasita, Lourdesen zuzenean entzungai izango dugu Maria Berasarte, eta Portugalgo hiriburuko itsasadarreko doinuen brisa ekarriko du Elorriora.
Emakume biren musika emanaldiak dira bariku honetan, uztailaren 2an, eta gaur zortzi Elorrioko Musikairen hitzartuta dauzkatenak. Elorrioko udako kultur jaialdian joko duten lehengo musikari biak euskaldunak dira, eta anitzak aireratuko dituzten doinuak.
Donostian jaioa da gaur, 22:30ean hasita, Lourdesen zuzenean entzungai izango dugun Maria Berasarte, eta Portugalgo hiriburuko itsasadarreko doinuen brisa ekarriko du Elorriora. Lisboako Alfama, Mouraria edo Bairro Altoan sortutako doinu sakonak eskainiko ditu Berasartek.
Emakumezko beste ahots bat, aurrekoaren antzekoa izan litekeena berba eta doinuen sakontasunean, gertuagotik datorkigun Anari da. Gaur zortzi, uztailaren 9an, Argiñetako gauaren berezko xarmari Irla izan diskoan kaleratutako kantetako berba eta doinuak gehituko dizkiote Anari azkotiarrak eta Borja Iglesias, Xabier Olazabal, Mikel Abrego eta Maite Arroitajauregi bere taldeko musikariek, 22:30etik aurrera.
Musikagazko hitzordu bi horien tartean, antzerkia, eta Durangaldeko umeak zain dituen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bisita izango dira Musikaire jaialdiaren lehenengo aste honetan. Pailazoen \"irrien festarako\", Xabier Zabala musikaria eta Idoia Uralde kantaria ere igoko dira domekan, herriko plazara ipiniko duten oholtzara.
Uztailaren 3an, zuzeneko musika eta antzerkia uztartzen dituen Che & Moche antzerki talde madrildarraren Oua Umplute ikuskizuna izango dugu Elorrioko herriko plazan ikusgai, 22:30ean. Europa ekialdeko tradizio musika eta umorea jorratuko dituzte emanaldian.