Bigarren urtez segidan igoera lortu du Elorriok. Atzo (maiatzak 9) talde bazkariagaz ospatu zuten lorpena.
Bigarren urtez segidan igoera lortu du Elorriok. Atzo (maiatzak 9) talde bazkariagaz ospatu zuten lorpena.
Liga amaitzeko jardunaldi biren faltan, Elorriok lehenengo erregionaletik goren mailarako igoera segurtatu du. Zapatuan 1-2 irabazi zuten Uritarraren zelaian. Igoera matematikoa lortzeko domekan Iurretakok bere norgehiagoka ez irabaztea behar zuten eta Jon Gurutz Vazquezen gizonek 1-2 galdu zuten Leioa Bren kontra. Elorriok bigarren urtez segidan lortu du mailaz igotzea.
Elorriok sufritu egin zuen lehenengo zatian, Uritarra aurreratu egin zelako markagailuan. \"Hasiera horretan presa larregirekin jokatu genuen\", gogoratu du Gontzal Arana jokalariak. Hala ere, erasoan jarraitu eta markagailua iraultzea lortu zuten partidua amaitzeko ordu laurdenaren faltan. Uritarrak saiatu zen Elorrio estutzen, baina Angel Díazen gizonek emaitzari eutsi zioten.
Domekan Iurretakoren porrotaren berri jakitean bazkaritara batu zen taldea igoera ospatzeko. Ez da gutxiagorako. Hainbat urtean bigarren erregionaletik igo ezinik ibili ostean, urte bian beste hainbeste bider igotzea lortu dute: \"Ni urte txar horietan taldean egon denetakoa naiz. Ondo gogortazen ditut urte haiek. Urtero igotzeko puntuan egon eta azken unean beti hirugarren geratzen ginen. Taldean denbora gutxi daramatenei esan ohi diet beraiek unerik politenak bizitzen ari direla eta ospatzeko, beti holan ibiltzea ez da-eta erraza izango\".