Bizkaiklasik: Kadeteak Elorrioko harbidean

Anboto 2010ko api. 16a, 09:21

Zapaturako Bizkaiklasik izeneko lasterketa antolatu du Elorrioko Txirrindulari Elkarteak, Euskal Herrian berritzailea dena.

Zapaturako Bizkaiklasik izeneko lasterketa antolatu du Elorrioko Txirrindulari Elkarteak, Euskal Herrian berritzailea dena. Kadeteei zuzendutako lasterketak San Agustingo harbidetik eramango ditu txirrindulariak. Pedro Horrillok, lasterketaren aitabitxiak, ederto definitu zuen lasterketaren funtsa: \"Lasterketa askotan herri alboko mendaterik altuenekin osatzen dute ibilbidea. Txirrindularitza ez dela eskalatzaile izatea bakarrik erakutsi gura dugu. Ordekalariak eta klasikomanoak ere badaude, sekulakoak gainera, eta gazteei dena probatzeko aukera eman gura diegu\". Lasterketak laguntzaile ditu, besteak beste, Elorrioko Udala eta Bizkaiko Txirrindulari Federazioa. Lasterketak 50 kilometro dauzka, eta horietatik 417 metro San Agustingo harbidean dira. Bihar 12:00etan abiatuko dira gazteak Zeanuriko plazatik. Lehengo errepide nazionaletik Igorre, Lemoa eta Zornotza zeharkatuko dituzte. Zubieta poligono inguruko bidegorrian kilometro bat egin, eta Iurreta eta Berriztik igarota, Miota igoko dute. Elorriora sartu aurretik ezkerretara hartu eta San Agustingo harbidean itzuli bat egingo dute. Ondoren, Elizalde, San Anton auzunea, San Eloy, Urkizu kalea eta Argiñeta etorbidea zeharkatu eta San Agustingo zirkuituan beste itzuli bat eginda helmugaratuko dira. Herrian zeharreko zati batzuetan bide estuak aurkituko dituzte. Beraz, \"irabazleak indartsua izateaz gainera, aztia eta trebea izan behar du, postuak irabazi eta toki egokiak hartzeko\", adierazi zuen Agustin Garcia antolatzaileetako batek.

Mutil zein neska

Guztira, 116 txirrindularik parte hartuko dute; gehienak mutilak dira, baina nesken talde bi ere ibiliko dira. Mutiletan Zornotzako Txirrindulari Taldeak, Durangoko Beste Alde eta Elorrioko Gaursa Renault taldeek ordezkatuko dute Durangaldea. Irabazteko faboritoen artean daude Beste Aldeko Alain Ramírez eta Gaursa Renaulteko Haritz Hernández zein Xabin Goikoetxea. Nesketan Iurreta Emakumeen Bira Ciclos Iturriaga-Autos Elorrio da eskualdeko taldea, eta hurretik segitu beharko da Ziortza Isasi eta Carina Aguileraren lana.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!