Arriolan izango da gaur Bide Ertzean

Anboto 2010ko mar. 18a, 15:25

Gaurko Arriolako kontzertuaren oinarria, baina, azaroan plazaratu zuten Leidor Sessions izenekoa izango da: taldearen lehenengo hamar urteak laburbiltzen dituen zuzeneko diskoa.

Badihardutela kanta berriak sortzen, eta euren guraria disko berria aurten kaleratzea dela aurreratu digute Bide Ertzean taldeko tolosarrek. \"Bagabiltza kanta berriekin jolasean\", dio Imanol Ubedak. Disko berrirako hainbat gauza dagoeneko oso aurreratuak omen dituzte. Gaurko Arriolako kontzertuaren oinarria, baina, azaroan plazaratu zuten Leidor Sessions izenekoa izango da: taldearen lehenengo hamar urteak laburbiltzen dituen zuzeneko diskoa. Lan hura argitaratu eta berehala ekin zioten birari, eta biraren bigarren zatiaren abiapuntua izango dute martxoaren 18an, Elorrioko Arriolan. Kanta zaharrak garai berrira moldatu eta abesti batzuei aire berri bat eman zieten Leidor Sessions diskoa prestatzerakoan. Arriolan orain urte batzuk eskaini zuten kontzertua \"ondo gogoan\" daukatela kontatu digu Imanolek. \"Deabruak Teilatuetan taldearekin lagun handiak egin genituen Elorrion, eta eurek ekarri gintuzten ondoren Bide Ertzean moduan Arriolara\", gogoratu du. Martxoko bira Arriola \"areto zoragarrian\" hastea \"pizgarri handia\" dela Bide Ertzeanentzat dio Imanol Ubedak. Taldearen hamargarren urteurrenean, 2008an, hasi ziren 2009ko urtarrilaren 16an zuzenean egin zuten grabazioa prestatzen: Tolosako Leidor aretoan grabatu zuten Leidor Sessions. Ordura arteko sei diskoei errepasoa egin zieten kontzertu hartan, eta kanta zaharren moldaketa berriak erakutsi zituzten. Melodia ederrak eta letra oso esanguratsuak uztartzen dituzten Ez dut atzera egingo, Hiri emanen dizkinat edo Graffiti kanta berria daude besteak beste, diskoan. Leidor Sessions zuzeneko diskoaren errepertorioan oinarrituko da gaur Arriolan eskainiko duten kontzertua. Joserra Senperena piano jotzailea ez da kontzertuan izango, Fito&Fitipaldisekin dabileko biran, eta laukotera egokituko dituzte kantak: Imanol eta Joni Ubeda anaiak, Estatu Batuetan bizi den Fran Iturbe eta Karlos Aranzegik jardungo dute Elorrioko kontzertuan. \"Gure hasierako formatora itzuliko gara martxoko kontzertu hauetan\", azaldu digute. Azaroan izan zituzten kontzertuen ondoren berriro AEBetara bueltatu zen Iturbe gitarrista, eta hirukote akustikoan jardun dute azkenaldian Ubeda anaiek, Karlos Aranzegi bateria-jotzaileak. Donostiako Victoria Eugenian ere horrela aritu ziren Quique Gonzalezekin batera otsailaren 20ko egin zuten kontzertuan. Emanaldiaren zati bat akustikoa izango dela eta aurten kaleratzeko asmoa duten diskoan izango diren kanta berriak ere eskainiko dituztela aurreratu digute: abesti berriak entzuleekin konpartitzeko gogotsu daude taldekideak. \"Eta bitxia bada ere\", dio Imanol Ubedak, \"zuzeneko diskotik aparte utzitako kantaren bat ere berreskuratuko dugu Arriolan gaur\". Hamabi urteko ibilbide luze eta oparoan, pop akustikoaren doinuetatik rock gordinago batera ailegatu da Bide Ertzean. Rock eta pop doinuen arteko joan-etorri hori da Arriolan gaur proposatuko dutena; baita lehenengo diskotik azkenekoraino ere bereziki zaindu dituzten letren unibertsora bidaiatzea ere.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!