Eguenerako ipini dute hurrengo Hilean Behin dokumental emanaldiaren hitzordua: Cooking History izeneko dokumentala eskainiko dute Elorrioko Iturri kultur etxean, 19:30ean hasita.
Martxoaren 11rako ipini dute hurrengo Hilean Behin dokumental emanaldiaren hitzordua: Cooking History izeneko dokumentala eskainiko dute Elorrioko Iturri kultur etxean, 19:30ean hasita.
Sukaldari militarrei buruzko istorioa da. Filmaren laburpenean jasotzen denez, XX. mendeko Europako gerretan borrokatutako hainbat ejertzitotan jardundako sukaldariei buruzko kontakizuna da Eslovakiar Errepublikan jaiotako Peter Kerekes zuzendariak 2009an ekoitzitako 88 minutuko iraupena duen hau.
Sei gerra, hamaika errezeta
Ejertzitoetan diharduten sukaldarien ikuspuntutik kontatzen ditu filmak gerrak. Sei gerra, hamaika errezeta eta 60 milioi hildako baino gehiago dira Cooking History dokumentalak historia kontatzeko baliatzen duen modu honetan protagonista.
Estatuen garaipen eta galeretan, eguneroko janari beharrak zelan eragin duen erakusten du martxoan eskaintzeko hautatu duten filmak: janariaren prestakuntza gerrarako estrategia zelan bilakatu daitekeen. Bigarren Mundu Gerra eta Txetxeniako gerran kokatzen da, besteak beste.
Sukaldeak eta gerrak antz handia dutela eta janaria prestatzea gerraren metafora dela erakusten du lanak: denbora da, zuzendariak dionez, sukaldean eta gerran osagai nagusi.