Gaur Hendaiako Kanttu tabernan estreinatzen duzue ‘Rock terapia’ disko berria.
Bai, Hendaiako Kanttu tabernan egingo dugu lehenengoa: entsegu orokor modukoa izango da kontzertu hori. Plateruenean jo aurretik leku txikitxo batean jendaurrean jo nahi genuen.

Bai, nolabait esatearren, entsegu lokaletik kanpora disko berriko kantak jotzen ditugun lehenengo aldia da gaur gauekoa. Gehienbat gu zelan gauden ikusteko, konfidantza hartzeko kontzertu bat legez ikusten dugu.
Zenbat denpora daramazue kontzerturik jo barik?
Badaramagu urte eta erdi edo bi urte inguru kontzerturik eman barik. Diskoa prestatzen denbora asko eman dugu; abestiak sortu, moldatu, grabatu eta entseguak egiten urtebete jadanik.
Zelan eman duzue hainbeste denbora kontzertu barik?
Normalean horrela egiten dugu: diskoa atera eta ia bi urte ematen ditugu kontzertu asko ematen. Gero, gure osasunerako ere onuragarria delako, geratu egiten gara denboraldi batez. Sei hilabete egon ginen bakoitza bere aldetik, eta berriro hasi ginen disko honetako abestiak sortzen.
Hirukote moduan ateratzen duzuen lehenengo diskoa da?
Bai, hiruron lehenengoa da. Kontzertuak, aldiz, hamar-hamabost jo ditugu hirukote moduan. Bigarren diskoaren ondoren, Kimetzek taldea utzi zuenean beste lagun batekin ibili ginen probak egiten, baina azkenean hirurok jarraitzea erabaki dugu: taula gainean sentsazio ona lortu genuen hirurok, eta horrela egin dugu aurrera.
Zenbat denbora daramazue hirurok Lor taldean?
98ko abenduan sortu genuen lau lagunek Lor, eta hurrengo urteko irailean edo jo genuen lehenengo kontzertua, jaietako Rock txosnan, hamabost urterekin. Hamar urte daramatzagu.
Esperientziaren diskoa ei da ‘Rock terapia’ berri hau…
Gazteak gara oraindik, baina, 2003an grabatu genuen lehenengo diskoa, eta sei urte joan dira dagoeneko. Lehenengo maketatik eboluzio naturala izan dugu; formazioan zein musikalki eboluzionatu egin dugu, gure gustuko musikara bideratuz. Ez da lehen egiten genuen musika gustuko ez dugulako edo lehen entzuten genituen musika taldeak gustatzen ez zaizkigunik orain, baina, bizitza legez, musika ere eboluzioa da.
Zein izan da eboluzio hori?
Hasiera batean, hamabost urterekin gure kantak ere bagenituen, baina Su Ta Gar eta EH Sukarra lako taldeen bertsioak egiten genituen. Gure musika heavy-rock estilokoa zen. Hortik rock-metalera pasatu ginen, eta orain rock eta tendentzia berriak lantzen ditugu. Rockean zentratuz, Ameriketako rock alternatiboa, melodikoa egiten dugu, hardcore apur batekin.
Hainbat kolaborazio izan duzue diskoan...
Disko guztietan saiatzen gara kolaborazioak lantzen; letretan zein instrumentuei edo ahotsei dagokionez. Durangaldeko bertsolari bi (Miren Amuriza eta Ibai Guridi bertsolariak) eta Xabi Paya izan dira letra bana idatzi dutenak. Ahots aldetik, Elkartasun itxaropen abestian Kauta taldeko Mikel Morenok eta Fernando “Sapo”-k hartu dute parte. Sarkor taldekoak koroak egiten izan ditugu lagun.
Letretan ere lehen aipatzen zenuten eboluzioa izan duzue?
Ezagutzen dugunaren inguruan idazten dugu: gure bizipenak, gizartearen arazoak... Gure motibazio eta deserosotasunei buruz idazten dugu. Ez dira letra oso kreatibo edo filosofikoak; nahiko naturalistak dira. Lehenengo diskotik honetara dagoen saltoa, tarte horretan gure bizipenak gehitu egin direla da, eta igartzen da letretan.
Nolakoa da ‘Rock terapia’?
Oso rockeroa da diskoa. Baditu bere pop ukituak, bere hardcore zatitxoak... Gustuko dugunaren collage bat da.