Puntu bakarrera

Anboto 2009ko mar. 26a, 18:10

24 jardunaldiren ostean, puntu bakarrera dauka Elorriok Lurraldeko Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzeko aukera. Larunbatean Artibai B-ren aurka jokatuko duen norgehiagokan, berdinketa lortzearekin nahikoa luke talde elorriarrak.

24 jardunaldiren ostean, puntu bakarrera dauka Elorriok Lurraldeko Bigarren Mailatik Lehen Mailara igotzeko aukera. Larunbatean Artibai B-ren aurka jokatuko duen norgehiagokan, berdinketa lortzearekin nahikoa luke talde elorriarrak.

Mailaz igotzeko aukera guztiak ditu Elorriok. Liga txapelketa amaitzeko sei jardunaldi faltan partidu denak galdu beharko lituzkete elorriarrek, eta zaila dirudi horrelakorik gertatzerik, orain artean ez baitute lehia bakarra galdu, eta talde hori-beltzak jokaturiko norgehiagoka bi soilik bukatu dira berdinketarekin. Gainera, 25. jardunaldi honetan, ligan azkenaurreko tokian dagoen Artibai B taldeak bisitatuko du aurtengo denboraldian Elorrioko taldearen feudoa izan den Eleizalde futbol zelaia. Gogoratu beharrekoa da baita ere, joanekoan 0-1 nagusitu zitzaiola Angel Diezek gidatzen duen taldea Lea-Artibaiko taldeari.  

Dena alde

Joan zen jardunaldian 0-7 irabazi zion Elorriok Zorrontzako futbol taldeari, eta argi utzi zituen pare bat gauza. Alde batetik, orain artean behintzat, txapelketako talderik indartsuena bera ari dela izaten, eta, bestetik, hasiera batean liga txapelduna eta, beraz, mailaz igoko den taldea izateko zailtasun berezirik izango ez duen arren, Elorrioko futbolariek ez daukatela inori punturik oparitzeko asmorik.

Haizea alde daukate elorriarrek, eta baita jarraitzaileak ere. Larunbateko partidurako Eleizalde futbol zelaia betetzea espero dute, eta giroa alaitzeko asmoarekin, txaranga bat ere bertan egongo dela eman du jakitera Niko Morenok, Elorrioko alkateak.     

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!