Kaleko dantzen bilgune bilakatuko da zapatuan Arriola

Anboto 2009ko mar. 12a, 13:11

Bi eta sei lagunek osatzen dituzten taldetan, lehiaketarako prestatu dituzten hiru minutu inguruko koreografiak erakutsiko dituzte; kale dantzen esparruan dagoen aniztasuna islatuz. Besteak beste, locking, popping, hip-hop, new style, break-dance, funky, eta urban dance estiloetako dantzaldiak izango dira ikusgai Arriolako zapatuko emanaldi eta lehiaketan.

Maiatzaren 2an Bilboko La Casillan izango den Break On Stage jaialdiaren aurretik, kaleko dantzen zaleek Elorrrioko Arriolan dute aukera: Aka Dantz dantza lehiaketaren lehenengo edizioa egingo da martxoaren 14an, 18:00etan. Break dancea zein bestelako dantza estiloak irakasten dituzten dantza eskoletan zabaldu dute deialdia antolatzaileek, eta parte hartuko duten zazpi talderen konfirmazioa badute jadanik.



Diru saria lortzeko (500 euroko lehenengo saria, 300eko bigarrena eta 100eko hirugarrena) helburuz lehiatuko dira, besteak beste, Bizkaia, Nafarroa eta Zaragozatik etorritako dantzariak. Baina, batez ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, egiten duten lana konpartitzeko eta batzuek besteengandik ikasteko gune bilakatuko dute Arriola martxoaren 14ko kale dantzen Aka Dantz lehiaketaren lehen edizioa.

Bi eta sei lagunek osatzen dituzten taldetan, lehiaketarako prestatu dituzten hiru minutu inguruko koreografiak erakutsiko dituzte; kale dantzen esparruan dagoen aniztasuna islatuz. Besteak beste, locking, popping, hip-hop, new style, break-dance, funky, eta urban dance  estiloetako dantzaldiak izango dira ikusgai Arriolako zapatuko emanaldi eta lehiaketan.

Gero eta zale gehiago dituzten dantza mota hauetan euren teknika hobetu eta koreografia original eta kreatiboak sortzen saiatzen diren dantzarien hartu-emanetarako aitzakia ere izango da Elorrioko Arriolakoa.

Break On Stage jaialdiko zuzendari artistikoek eta dantza programatzaileek osatuko duten epaimahaiaren lana izango da, berriz, bihar bertatik bertara aurkeztuko dituzten koreografietan kalitate onenekoak eta originalenak begitantzen zaizkienak aukeratzea. Izan ere, maiatzean nazioarteko break dantzari onenak ekarriko dituen Break On Stage jaialdian arituko da Aka Dantz-en irabazle hautatzen dutena. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!