"Beroa" berbak iradokitakoari buruzko argazki erakusketa

Anboto 2009ko ots. 19a, 13:11

Urteroko ohituran antolatu du Elorrioko Argazki Taldeak taldekideek egindako argazkien erakusketa, baina, berezitasun batekin aurten: “beroa” kontzeptua eman diete aurten gai bezala.

Urteroko ohituran antolatu du Elorrioko Argazki Taldeak taldekideek egindako argazkien erakusketa, baina, berezitasun batekin aurten: “beroa” kontzeptua eman diete aurten gai bezala, eta berba horrek iradokitakoan oinarrituta egin dituzte erakusketarako bildutako argazkiak. Beste urte batzuetan erakutsi dituzten bidaietan egindako argazkiak baino zentzu abstraktuagoa eta kontzeptualagoa duen gaiaren inguruan jardun dute, beraz, otsail erdialdetik martxoaren 5a arte euren herrian erakutsiko dituzten argazkiak egiten Elorrioko Argazki Taldekoek.



Argazki zaleen elkarteko bazkide bakoitzak “beroa” gaia aintzat hartuta egindako argazkiak bildu dituzte martxoa arte izango den erakusketan, eta askotariko irudiak, berezi-bereziak, batu dituzte Iturri kultur etxeko erakusketa aretoan. Argazkilari bakoitzak argazki bat edo bi utzi ditu argazkilari elkarteak antolaturiko erakusketa honetarako. Gaia ezaguta egindakoak izan dira argazkietako batzuk, eta argazkilariek euren artxiboan gordeak dituztenetatik “beroa” berba edo sentsazioa islatzeko apropos ikusitakoak dira beste zenbait.

Zale guztiei zabalik

Erakusketa martxoa arte kultur etxean ikusgai izango dute Elorrioko eta Durangaldeko argazkizale guztiek, baina, baita erakusketa antolatu duen elkartea bera ere.
Eguenero, 19:30etik 21:00ak bitartean Iturri kultur etxean duten lokalean biltzen dira elkarteko bazkideak, argazkigintzaren inguruan sortzen diren askotariko gaiei buruz berba egiteko, esperientziak konpartitzeko edo irteera eta tailerrak antolatzeko; arkitekturari buruzko argazkiak egiteko Bilborako irteera, txoriei argazkiak egitera joatekoa edo mugimenduan dabiltzan elementuei argazkiak egiteko teknikak lantzeko espreski antolatutako txangoak esate baterako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!