Aukera paregabea izan dute parte hartu ahal izan duten ikasleek, musikarien azalpen teorikoak eta euren adibide praktikoak jaso ahal izan dituztelako, eguazten eguerdian, Arriolan antzokian. Kontzertu didaktikoa izan dute, ezagutza musikala aberasteko asmoz. Eta gaur egungo musikan bluesak izan duen eragina ezagutu eta musika tresnatara hurbildu ahal izan dute: musikaren alde ludiko eta adierazkorra ezagutuz, aisialdi atsegina izan dute eguerdirako.Edozein adinetako ikusentzuleei zuzendutakoa baina bereziki 12-13 urtetik gorako ikasleentzat aproposa den proposamena da Oihan Vega bateria-jotzaileak, Asier Elorza armonika-jotzaileak eta Ibon Larrañaga gitarristak eskaintzen dutena. Perkusio, gitarra eta bigarren hezkuntzako musika irakasleak dira, eta kontzertu hau gidatzen duen Unitate Didaktikoa prestatu dute: “blues” berbaren jatorri etimologikoa aztertzeko; bluesaren historia ezagutzeko; letra, instrumentu, erritmo zein melodia eta blues-eko abesti mitikoetara gerturatzeko.
Eguen, bariku eta zapatu birako proposamena da Elorrion izango duguna. Azaroaren 13an da Arriolako XIX. Jazz Blues Jaialdiaren lehenengo zuzeneko emanaldia: Galiziako Terela Gradin, Gem Trio taldeak lagunduta izango da, 22:00etatik aurrera, Ateneoan. Nafarroako Musika Kontserbatorioaren inguruan sortutako taldeak, jazzeko klasikoak eta eurek sortutako abestiak eskainiko ditu.
Jazz-blues jaialdiko EGITARAUA
Terela Gradin Gem Trio (Jazza). Galizia
Azaroak 13an, 22:00etan, Ateneoan
Khatorno (Jazza). Euskal Herria
Azaroak 14an, 23:00etan, Ateneoan
Mr. Hurricane Band (Blues). Katalunia
Azaroak 15ean, 23:00etan, Ateneoan
Daria Ras Band (Blues). Gaztela Leon
Azaroak 16an, 21:30ean, Portalekua tabernan
Juan Madera y los Mg’s (Blues). Kantabria
Azaroak 16an, 21:30ean, Parra tabernan
Connie Lush & Blues Shouter (Blues). Erresuma Batua
Azaroak 21ean, 23:00etan, Ateneoan
Kristian Brink Quartet (Jazza). Suedia
Azaroak 22an, 23:00etan, Ateneoan