Pobre gara izeneko lan berriko kantak aurkeztera etorriko da, bestalde, Joseba Irazoki musikaria, Belardian taldearekin 70eko hamarkadako ukitua duten kantak jotzera; zapatuan, uztailaren 12an, 22:30ean San Josen.
Kale antzerkizaleen hitzordua, Italiako Teatrino Dei Piedi taldearekin izango da uztailaren 13an, 22:30ean, plazan. Antzerkiaren bitartez fantasia, erritmo eta kolorez beteriko une umoretsuak antzeztuko dituzte Musikairen.
Asteburu honetako ikuskizunekin helduko da hamargarren Musikaire erdibidera. Euskal Herrian sortutako musika eta Italiatik ekarritako kale antzerkia izango dira, goian aipatu lez, bariku, zapatu eta domeka honetarako Musikaireko proposamenak. Ondoren, uztaila amaitu arte, Brasil, Kuba eta Portugalgo musikariak izango dira Elorrioko gonbidatuetako batzuk. Izan ere, kalean eta doan izaten diren emanaldietan beste inguru batzuetako kulturak ikusgai ipintzen baititu eskualdean Musikairek.

Halaxe egin zuten argazkian ageri den iragan asteburuko parkingeko emanaldian ere: Kairoko Derbitxeak, Egiptoko herri-musika eta dantza sufi erakargarriak erakutsi zituzten Elorrion. Dantzarien mugimenduen abiadurak ikusleak gozarazi eta harritu zituen.