Laukotea barik hirukotea, eta musikari euskaldunek osatutakoa da Musikaireko bigarren emanaldia egingo duen taldea: UNHE taldea osatzen duten Juanan Aizpurua, Iñigo Peña eta Josu Ayarzaguena tronpeta-jotzaile berriztarra. Ekainaren 27an plazan izango dute emanaldia, 22:30etik aurrera. Teklatuaren, bibrafonoaren eta Ayarzaguenaren tronpeta doinuek osatuko dute jazz eta musika klasikoa uztartzen dituen kontzertua.

Bestetik, Txatarreria Keaton taldearen emanaldi berezia ere asteburu honetan izango da Musikairen: zapatuan. Buster Keatonek interpretatutako film hautatuen emanaldiaren bidez, musikari laukoteak 20. hamarkadako urteetan errealizatutako filmen soinu-banda interpretatzen du zuzeneko inprobisazioan. Askotariko instrumentuak erabiltzen dituzte; baxua, biolina, gitarra, maraka, kazoo, xirula, armonika, egurrak, hirukia, etab. Euskal Herriko musikarien emanaldiek beteriko asteburua, beraz, Musikairek dakarkiguna.