Uztaila amaitu arteko egitaraua

Anboto 2008ko eka. 19a, 11:30

Musika klasikoko hiru-lau emanaldirekin ekin zion, eta munduko kultura herrikoien topaleku bilakatu da urteekin: dozenatik gora ekitaldi, lau-bost asteburutan egiten dituzte Elorrioko Musikairen orain.

Hamargarren edizioa du aurtengoa Musikairek. Musika klasikoko hiru-lau emanaldirekin ekin zion, eta munduko kultura herrikoien topaleku bilakatu da urteekin: dozenatik gora ekitaldi, lau-bost asteburutan egiten dituzte Elorrioko Musikairen orain. Elorrio kultura herrikoien mapan kokatu du jaialdiak.

Musikarako hamar proposamen, dantza tradizional eta garaikideko bost ikuskizun, eta antzerkia eta magia ere izango dira ekainaren bukaera eta uztailaren hasierako Elorrioko Musikaireko iluntze eta gau berezietan.



Ekainaren 21ean plazan egingo duten VIII. Azoka Kulturalarekin hasiko da aurtengoa, hamarkadarena. Egun horretan, antzinako kotxe eta motorren erakusketa, liburuak, diskoak, mineralak, filatelia, numismatika, etab. izango dira plazan. Hamargarren Musikaire estreinatuko duena, ekainaren 21ean San Agustin Etxeberria elizan izango da; klarinetea, bibolina, biolontxeloa eta pianoak osatzen duten Cuarteto para el fin de los tiempos izango da Elorrion. Francisco Segarra, Anna Przylecka, Tomasz Przylecki eta Adela Martin musikari euskaldun eta poloniarrek interpretatulko duten Cuarteto para el fin de los tiempos, nazien kontzentrazio esparruan zegoela Olivier Messiaen-ek konposatutako lan berezi eta hunkigarria da.
Ekainaren 27an, jazz doinuak Elorriora ekarriko dituena musikari berriztar bat partaide duen UNHE taldea izango da. Juanan Aizpurua bibrafonoan, Iñigo Peña teklatuan eta Josu Ayarzaguena berriztarra tronpetan arituko dira, 22:30etik aurrera plazan. Durangaldean, Berrizko kultur etxean entzuteko aukerarik izan ez zutenek, beraz, Musikairen izango dute hirukote honek jazzari ematen dion ukitu berritzailea gozatzeko aukera.

Musikarekin eta herriko plazan jarraituz, ekainaren bukaera gertutatzen denerako biolin, gitarra eta perkusioarekin Buster Keatonek interpretatutako filmen soinu banda emanaldia egingo dute Txatarreria Keaton taldeko Bingen Mendizabal, Nika Bitchiashvili, Arturo Blasco eta Alex Ruiz de Azuak. Lehen aipatutakoen osagarri, askotariko instrumentuekin osatzen dute musika orijinal eta kalitate handikoa.

Uztailaren 4an, Makiko Hayashima japoniarrak musika errenazentista, barrokoa eta garaikidea eskainiko ditu organo kontzertuan.

Uztailean zehar, Juan Carlos Perez, Joseba Irazoki & Belardian, Omar Sosa, Euclydes Ma-ttos, Kubako ska doinuak eta Fado Em Si Bemol taldeak izango dira 10. Musikaireko beste hitzordu batzuk. Itoiz taldeko Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak izeneko azkenengo diskoa aurkeztuko du, uztailaren 11n Argiñetan, eta Pobre gara diskoko 70eko hamarkadako musikaren zaporea duten kantak joko dituzte San Josen Joseba Irazoki & Belardian taldekoek hurrengo egunean. Uztailaren 18an, piano-jole bertutetsu eta gustu handikoa etorriko da Elorriora: Omar Sosa kubatar piano-jotzailea izango da plazan. Brasilgo bosssa nova eta jazza gitarra batekin uztartzen maisua den brasildarrarekin izango da Lourdesen hitzordua: Sao Paulon jaiotako Euclydes Mattos uztailaren 19an izango dugu.



Portugal eta Kubako doinuak ere izango dira Fado Em Si Bemol eta Ska Kubano taldeekin 2008ko Musikaire honetan. Teatrino Dei Pieri, Markeliñe, Ttantaka & Kukai, Kairoko Derbitxeak, Arabaladanza eta Wroclaw taldeak izango dira dantza antzerkirako proposamenak. Abuztuaren 7, 14, 21 eta 28an, berriz, Klikaire  ikusentzunezko mostra izango da Musikaireri jarraipena emateko. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!