Hirugarren diskoa izan dutena aurkezten jardun dute denbora honetan Yakuzi osatzen duten eskualdeko musikariek; besteak beste, Elorrio, Durango, Markina, Basauri, Euba, Azkoitia, Tolosa, Eskoriatza, Ziordia, Gasteiz, Bilbao, Gorliz, Gernika, Utrera, Granada, Almeria, Alicante, Valentzia, eta Sant Feliu de Codinesen eskaini dituzte urtarrilean kaleratu zuten Hot Balneario diskoaren aurkezpen kontzertuak.

Urte erdi honetako bira oso positiboa izan dela eurentzat esan digute taldekideek, musika taldeak eta jendea ezagutzeko aukera eman dielako. Kontaktu berriak egiteko balio izan die diskoaren aurkezpen birak Gustavo Gallego, Anartz Onaindia, Aitor Monje eta Gorka Molero taldekideei.
Arnasa hartzera, lokalera
Bira bukatutzat ematea erabaki dute, “arnasa hartzeko une egokia” dela uste dutelako eta, esan digutenez, oso sentsazio onarekin amaitu dutelako. Orain, merezitako atsedena hartuko dute udan, eta ondorengo hilabeteetan entsegu lokalera bueltatuko dira kanta berriak sortzeko, beste disko berri bat prestatzeari ekiteko. Abesti berriak jasoko dituen disko hori osatu aurretik, baina, eta orain arte kontzertuetan bakarrik saldu izan duten arren, eskualdeko hainbat taberna eta dendatan ere eskuragai ipiniko dute Hot Balneario, Yakuziren hirugarren diskoa.