Garaipena azkenean Ordiziaren kontra

Anboto 2008ko api. 10a, 14:02

Ordizia B izan zuen joan den asteburuan Elorrioko Rugby taldeak arerio eta irabazi egin zion azken jardunaldietako zorte txarrari agur esanez. Lider zeuden gipuzkoarrak eta norgehiagokak zaila ematen zuen arren elorriarrek lan bikaina egin zuten.

Lehen zatia bizkaitarrena izan zen. Ordiziarrek zigor kolpe bat egin zuten eta markagailuan aurreratu egin ziren baina elorriarrak izan ziren jokoaren jaun eta jabe. Horrela, atsedenaldia baino lehen Jon Anderrek entsegu bat egin zuen eta 5-3koa jarri zuen markagailuan.
Bigarren zatian elorriarren nagusitasuna markagailuan islatzen hasi zen nahiz eta Ordizia berriz ere aurreratu beste zigor-kolpe bati esker. Orduan, Kepak bi entsegu egin zituen eta Ederrek bat transformatu zuen. Orduantxe erabaki zen markagailua: 17-6. Laugarren entseguaren bila joan ziren elorriarrak baina ez zuten helburua erdietsi. Horrelaxe amaitu zen norgehiagoka eta elorriarrak pozik joan ziren aldageletara.Hirugarren postuan dira orain Elorrioko Rugby taldeko mutilak. Elorriarrek bigarren tokian jartzeko abagunea izango dute asteburuan. Izan ere,  ligako azken partida jokatuko dute Mungiaren kontra.

Durangarrak ederto
Durango Ilarduya Rugby taldeko senior mailako jokalariak Euskadiko Kopa jokatzeari ekin zioten asteburuan eta baita ederto ekin ere. Irungo rugby taldearen aurka jokatu zuten eta errepaso ederra eman zieten gipuzkoarrei. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuten partida osoan eta azkenean 0-52 irabazi zuten. Horrela, lehen postuan kokatu dira durangarrak eta Euskadiko Kopa eskuratzeko bidea ondo baino hobeto hasi dute. Spyro Bera Bera kokatu da bigarren postuan, hauek ere asteburuan irabazi egin baitzioten orain hirugarren dagoen Arrasateri.Irun kokatu da azkenengo baina oraindik goizegi da pronostikoak egiteko. Durangarrek lan handia egin beharko dute ligaxkan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!