Durangaldeko XXIV esku pilota txapelketako finalak Elorrion

Anboto 2008ko urt. 17a, 11:17

Datorren urtarrilaren 25ean eta 26an Elorrioko frontoian jokatuko dira aurtengo Durangaldeko esku pilota txapelketako finalak. Joan den asteburuan Abadinon eta Mallabian jokatu ziren finalaurrekoak eta kategoria bakoitzeko irabazleek elkarren aurka jokatu beharko dute Elorrion.

Joan den barikuan Abadiñoko frontoia izan zan eszenatokia. Umetxoen kategorian Lekeitio eta Markina lehiatu ziren eta markinarrek irabazi zuten 18-13. Umeetan ere markinarrak gailendu ziren eta gaztetxoetan mallabiarrak atxondoarrak baino hobeto ibili ziren garaipena eskuratuz. Gazte aurrekoetan Iurretarrentzat izan zen garaipena, durangarrei 18-14 irabazi ondoren eta gazteetan markinarrek pilota erakustaldia eskaini zieten berriztarrei finalerako sailkatuz. Azkenik, nagusietan Abadiño eta Berriz lehiatu ziren eta lehenengoentzat izan zen garaipena.
Larunbatean Mallabian jokatutako partidetan aldiz, umetxoetan Zaldibar nagusitu zen eta umeetan berriztarrentzat izan zen garaipena. Gaztetxoen kategorian Markinak 18-15 irbazi zion Zaldibarri eta gazte aurrekoetan be hobeto aritu ziren. Gazteetan durangarrak lekeitiarrei gailendu zitzaizkien 14-22 eta nagusietan lekeitiarrak markinarrak baino gehiago izan ziren.
Horrela, finalerako sailkatu ziren partidu hauetan irabazle suertatu zirenak eta datorren urtarrilaren 25ean eta 26an jokatuko dute Elorrion.
25ean arratsaldeko 19:00etan hasiko dira partidak eta lehena gazte aurrekoen kategoriakoa izango da. Markina B eta Iurreta B elkarren aurka lehiatuko dira aipatu kategorian eta gazteetan Markina eta Durango. Nagusien kategorian aldiz, Abadinok Lekeitioren aurka jokatu beharko du.
26an ere arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da durangaldeko pilota jokoaren ikuskizuna eta lehen partida umetxoen kategoriako Zaldibarrek eta Markinak jokatuko dute. Umeetan berriz, Markina eta Berriz arituko dira eta gaztetxoetan Mallabia eta Markina.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!