400 pilotarik hartu dute parte aurten

Anboto 2008ko urt. 11a, 10:14

Durangaldeko XXIV esku-pilota txapelketa aurrera doala kontuan hartuta finalaren aurkezpena egin zuten joan den asteartean Elorrion. Bertara hurreratu ziren Juan Bilbao, Niko Moreno Elorrioko alkatea, Fernando Azkarate pilotari ohia, Ebaristo Arando, Berriotxoa esku pilota taldeko delegatua eta Karlos Garcia durangaldeko arduraduna.

Finalak aurkezteaz gain, txapelketak aurten izan duen harrera bikaina azpimarratu zuten aurkezleek. Laurehun pilotari inguruk hartu dute aurten parte eta horietariko ume gehienek parte hartze soilarekin erakutsi zuten poztasuna azpimarragarria dela nabarmendu zuten.
Finalaurrekoak gaur eta bihar izango dira. Gaur arratsaldeko 18:00etan Abadiñon eta bihar arratsaldeko 16:30etan Mallabian. Finalak, ordea, Elorrion izango dira datorren urtarrilaren 25ean 19:00etan eta 26an 16:30etan. Niko Moreno Elorrioko alkateak pilotariak ondo hartuak izango direla aurreratu zuen eta pilota munduan bere laguntza eskaini zuen. Arandok, Berriotxoa esku pilota taldeko delegatuak bere aldetik, pilotaren alorrean oraindik eginbehar handia dagoela azpimarratu zuen.
Orain arteko harrera ezinhobea ikusita beste horrenbeste urtetan berdin jarraitzeko nahia agertu zuen Fernando Azkarate pilotari ohiak. Karlos Garciak ere harrera azpimarratu nahi izan zuen eta finalera begira jende andana itxaroten dutela adierazi zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!