
“Kanta potenteak, bereziak, momentu batzuetan ezerosoak, beti organikoak” osatu dituzte euren berbetan. Grabaketaren prozesua apurka-apurka egitea izan ei da, Berrizko Estoldetan estudioetan egun bakoitzean ordu gutxi sartuta. Horrek perspektiba lasaiagoa eman diela uste dute. Entzuleari bidalitako gonbidapenak dira Yakuziren kantak: “Entzun ditzan eta emozio horretan sar ditzan belarriak, burua eta dena”. Laukia osatzen dutela diote lau musikariek, eta “bakoitza bere alderantz tiraka” aritzen dela. Laukia, baina, “ez da tiratzeagatik apurtzen, handiagoa egiten baizik”. Jaén, Córdoba, Azkoitia, Bilbo eta Andoainen ere arituko dira.