Elorrion Eusko Alderdi Jeltzalea sortu eta garatu zen garaiko historia jasotzen duen liburua osatu du Roman Berriozabalek, herriko EAJ sortu zela ehun urte ospatuko direnean. Nacionalismo vasco en Elorrio (1894-1937) izenburupean barikuan aurkeztuko du ikerketa lana elorriarrak.
Liburuan, EAJ-PNVk Elorrion izandako historia berregiten da, alderdiaren sorrera, hedapena eta jarduna ardatz moduan hartuta. 1894. urtean, Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zen urtean argitaratutako albisteen bilduma osatu du Berriozabalek libururako. Alderdi nazionalistak herrian izandako historia berregiteko lana hartu du Roman Berriozabalek, esandako moduan, 1894an abiatu eta gerrara arteko urteetan izandako bilakaera jasotzeko, 1937. urtera artekoa. Elorrioko EAJren lehenengo 43 urteen kronika da liburuan jasotzen dena, altxatutako frankistek Elorrio okupatu zuten unera arte luzatzen dena.
Alderdiaren 100 urteak betetzen diren honetan, Sabino Arana Fundazioak memoriaren berreskurapenean egin gura du lan. Eginkizun horretan, lehenago aipatu duguna bezalako liburuak argitara eman dituzte. Bestalde, memoria berreskuratzeko egindako lanaren inguruko hitzaldia eskainiko dute, apirilaren 20an, 19:30etan, Aranzadi Elkarteko kideek. Azken urteotan egindako desehorzteak izango dituzte berbagai.
Bestalde, gerrako irudiekin osatutako erakusketa ibiltariak ere geldialdia egingo du Elorrion, herriko EAJren mendeurrena betetzen den urte honetan.