Aimar Aiartzaguena Espainiako Judo Txapelketako azken fasean lehiatuko da zapatuan

J.D.

Aimar Aiartzaguena podiumaren gorenean ipar sektoreko txapelketan. (Argazkia: Durango Judo Taldea)

Durangoko judoka Galiziara doa Euskadiko selekzioarekin, domina lortzeko lehian sartzea helburu duela.

Durango Judo Taldeko Aimar Aiartzaguena Trinidad durangarra Espainiako txapelketako azken fasean lehiatuko da zapatuan, Lugon (Galizia). Euskadiko selekzioarekin, domina borrokan aritzea izango du helburu, judo taldeak ohar batean azaldu duenez.

Aiartzaguenak urte zaila izan du lesioen ondorioz. Maiatzean ukondoa lekutik atera zitzaion Bartzelonako Ciudad de Barcelona txapelketan, eta irailera arte ezin izan zuen entrenamenduetara itzuli. Hala ere, durangarrak urrezko domina bana irabazi zituen txapelketa autonomikoan eta Iparraldeko sektoreko fasean. "Ehuneko ehunean ez egonagatik, gaitasun eta esperientzia handiko judoka dela erakutsi zuen beste behin", adierazi dute judo klubetik. 

Asteburuko hitzorduari buruz, "barruan daukadan guztia ematera irtengo naiz" adierazi du Aiartzaguenak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!